Esku pogramekin, Lizeo Antzokiaren historia eraikiz
1945 eta 1955 bitartean, Lizeo Antzokian ikusi ziren film batzuen esku programen erakusketa jarri du Zine Klubak Gernikako Artekale kalean. Erakusketa martxoaren 12ra arte egongo da ikusgai.
El tesoro de tarzan, Romeo eta Julieta, Al borde del peligro, Winchester 73, Las mil y una noches, edota La venganza del hombre invisible historia egin duten ikus-entzunezko ezagunetako batzuk dira. Eta horiek, izen handiko beste batzuren artean, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian proiektatu zituzten 1945 eta 1955 urteen artean. Film horiek eta gehiago sustatzeko esku programak eta kartelak erabiltzen ziren, eta horien erakusketa ikusgai jarri dute Gernika-Lumon.
Lizeo Antzokia Gernikako areto “adierazgarrienetariko” bat da, zeinetan era askotako jarduera kulturalak egiten diren, bereziki zinematografikoak. 36ko Gerraren aurretik zabaldu zuten Lizeo Antzokia, baina Gernikako bonbardaketan “guztiz suntsituta” geratu zen. Hala ere, konpondu eta 1945eko irailaren 22an ateak zabaldu zituen berriro, Gudalcanal izeneko film belikoa proiektatuz. Gerra film bat da, garai hartan “arrakasta handia” izan zuena eta Lizeo antzokiaren bigarren aldia markatu zuena. Bigarren aldi horrek 1992ra arte iraun zuen, orduan itxi baitzen antzokia, udalaren esku geratuz.
1945 eta 1955era bitartean, Lizeo Antzokian ikusi ziren filmen eskuzko programen erakusketa prestatu du Gernikako Zine Klubak. Eta hamarkada horretan hain ezagun eta erabiliak ziren esku prorama eta kartel artistiko batzuk erabiliz, Artekale kalea jantzi dute, “herriko historiaren zati baten adierazle oso argiak direlako esku programa horiek”.
Pedro Durana Zine Klubeko kidearen berbetan, erakusketak “balio historiko eta soziologiko paregabea” du, hamarkada horretan antzokian ikusi ziren filmen erakusgarria baita. Horrez gain, garaiko programak zelakoak ziren ikus daitezke, eta programen atzealdean filma sustatzeko erabiltzen zituzten teknikak aztertzeko aukera dagoela azpimarratu du Duranak: “Elezaharrak agertzen ziren atzean, jendea erakartzeko asmoz. Testu oso bitxiak dira, garai hartako publikoa erakartzeko dinamikak zeintzuk ziren erakusten dituztenak. Oso esaldi gogaikarriak eta sentsazionalistak erabiltzen zituzten”. Guzti horiei esker, garai hartan antzokietan ikusten zena zer zen aztertzeaz gain, publizitatea egiteko erabiltzen zituzten teknikei buruzko analisia egiteko ere balio dutela dio: “Oinarrizko analisi gisa balio dezakete, baina baita filmak sustatzeko erabiltzen zen hizkuntza zein zen ikasteko ere”. Halaber, film bakoitza zein urtetan proiektatu den ere zehaztu dute Zine Klubekoek.