Eneko Goieaskoetxea euskal presoa Kantabriara hurbilduko dute
Alamatik (Pontevedra, Galizia) Kantabriako El Duesora lekualdatuko dute busturiarra.
Espainiako Barne Ministerioak jakitera eman duenez, lau euskal preso lekualdatuko dituzte, eta horietako bat da Eneko Goieaskoetxea Arronategi busturiarra.
Alamatik (Pontevedra, Galizia) Kantabriako El Dueso kartzelara lekualdatuko dute.
2011n atxilotu zuten Goieaskoetxea Cambridgen (Erresuma Batua), eta 2012ko uztailean Espainiaratu zuten. 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Jakitera eman dutenez, 2033.urteko abenduan beteko luke kondenaren hiru laurdena.
Busturiko Sarek ohar bidez jakitera eman du albistea “pozik” hartu dutela: “Enekoren lagun eta senideek ez dituzte 800 kilometroko bidaiak egin beharko 40 minutuko bisitak egiteko”.
Hobekuntza horregaz batera, espetxe egoera erregimen aldaketagaz hobetze bidean egon daitekeela esan dute: “Hala ere, ikusteko daude El Duesoko benetako baldintzak: bisitak egiteko erraztasunak, presoen bizi baldintzak, osasun zaintza…”.
El Dueso, baina, ez dela Euskal Herria gogorarazi dute, beraz, pauso gehiago eman behar direla diote. Era berean, pandemiagatik sortu den isolamendua amaitu beharra dagoela aldarrikatu dute: “Osasun bermea ezin daiteke presoen eskubideak murrizteko aitzakia izan”. Euskal preso guztiak etxean izan arte lanean jarraitzeko konpromisoa agertu dute.