Bizkaiko Foru Aldundiaren museoek jardueraz beteko dute 2021. urtea
Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan eta Kortezubiko Santimamiñen era guztietako jarduerak egongo dira aukeran
Bizkaiko Foru Aldundiak asteon aurkeztu du 2021erako museoen eta foru aretoen jardueren programa. 2021ean jarduera ugari eskainiko dituzte foru museoetan. Diotenez, katalogoak berrikuntza ugari biltzen ditu eta, ahal den neurrian, sarean ekintzak bultzatzen ditu, “Bizkaiko museoen sareko ondarea eta kultura pertsona gehiagori helarazteko”.
200 proposamen eta jarduera kultural baino gehiago biltzen ditu 2021eko katalagoak. Egitasmo horretan kalitatea, aniztasuna, irisgarritasuna eta entretenimendua lehenetsiko direla esan du Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak.
Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa eta Kortezubiko Santimamiñe dira foru museotako hiru. Horietan nagusi zein umeentzako antolatutako jarduerak egongo dira aukeran 2021ean; aldi baterako erakusketak, bisita gidatuak, tailerrak, hitzaldiak, ibilbideak… Egitaraua honako estekan ikusi daiteke: www.bizkaikoa.bizkaia.eus.
Gainera, aurreko urteetan egin modura, uztailetik irailera bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak zuzenduta, Ibilbide Historikoen programa jarriko dute martxan. Ibilbide horiei esker, Urdaibaiko aztarnategi arkeologikoetan egindako aurrerapenak eta xehetasunak ezagutzeko aukera egongo dela azaldu du Bilbaok.
Aurretiaz izena eman. Jarduera guztiak modu seguruan egingo direla zehaztu du, osasun agintariek emandako neurriak eta gomendioak betez. Hori dela eta, museoek eta foru aretoek edukiera muga bat ezarriko dute, eta nahitaezkoa izango da aldez aurretik jarduera guztietan izena ematea.