Zinegoak Hedapenari esker, 'Porth Authority' ikusteko aukera egongo da gaur, Bermeon
Nestor Basterretxea aretoan jarriko dute gaur filma, 18:30ean, eta sarrera doakoa izango da.
COVID-19aren eraginez tarte batean zarratuta egon ostean, Bermeoko zinemaren ateak gaur zabalduko dira berriro. Zinegoak Hedapena zikloari esker, Porth Authority filma ikusteko aukera edukiko dute bermeotarrek. Nestor Basterretxea aretoan jarriko dute gaur, 18:30ean, eta sarrera doakoa izango dela jakitera eman dute.
Port Authority filma iazko Zinegoak jaialdian estreinatu zen, baina COVID-19ak eragindako pandemia dela eta, Bermeon ezin izan da orain arte eskaini. Zinegoak Hedapenaren helburua da Bilboko jaialdian aurkeztutako lanak Euskal Herriko udalerrietara zabaltzea eta aniztasunari eta kulturari lotutako ekintzak eskaintzea, aipatutako jaialdiak batzen dituen ikus-entzunezko edukiak baliatuz.
Asteburuetako zinema emanaldiak ere bihar hasiko dira berriro martxan. Asteburu honetan Pequeños Detalles filma ikusteko aukera egongo da; bihartik astelehenera egongo da ikusgai saio bakarrean, 19:00etan.