Gernika RTk Ordizian hasiko du ligaxka
16:00etan hasiko da zapatuan Ordiziaren eta Gernikaren arteko partidua.
Emakumezkoen Euskal Ligan bi multzotan ari dira taldeak. Batzuk igoera erabakitzeko ligaxka lehiatzen hasi ziren orain dela hilabete, eta multzo horretan ez dauden beste taldeek euren ligaxka hasiko dute asteburu honetan. Hain zuzen, sei talde hauek dira asteburuan lehiara bueltatuko direnak: Gernika RT, Eibar RT, Durango, Hernani CRE, La Umica RT eta Ordizia RE.
Gernika Rugby Taldekoek Ordiziakoen kontra lehiatuko dute lehen jardunaldi hau. Zapatuan [otsailak 27] 16:00etan hasiko da bien arteko norgehiagoka. “Daukagun dena eman beharko dugu irabazteko”, esan du Garazi Goikolea Gernika RTren jokalariak.
Basurdeak urtarrilean hasi ziren entrenatzen, eta hainbeste denbora jokatu barik egon ostean, aukera garrantzitsua daukate. Goikolearen hitzetan, momentu honetan “inportanteena erritmoa hartzea” da: “Hilabete asko daroaguz zelaitik kanpo, eta jokalari berri asko dauzkagunez, partidu hauek ondo etorriko zaizkigu denok bat egiteko eta taldea ondo osatzeko. Jende asko daukagu errugbira inoiz jokatu ez duena”.
Egoera aldatu den moduan, taldeak ere aldatu dira, eta hortaz, ez dakite beste taldeak ze mailatan egongo diren, eta ezta ere zeintzuk izango diren ligaxka honetako talde indartsuenak: “Eszenatokia asko aldatu da; eszenatoki berri baten aurrean gaude. Taldeak ez dira lehengo taldeak, aldaketak egon dira, eta oraindino ez gara ezagutzen. Guk gure onena eman beharko dugu hor egoteko”.
Otsailaren 13an eduki zuten lehen hartu-emana Hernaniko eta Ordiziako taldeekin. Seven triangularra jokatu zuten Urbietan, eta etxeko jokalariak “espero zutena baino hobeto” aritu zirela dio Goikoleak, “ondo kokatuta”, eta “ildo horretatik” jarraitzeko asmoa dutela nabarmendu du. Urtebete eta erdiren ostean, lehen partiduak izan ziren Gernikakoentzat, aurkariek, ostera, partidu batzuk jokatuta zeuzkaten aurretik ere: “Eurak erritmo gehiagogaz egon ziren, partiduak jokatuta zituztelako. Igarri zen ez zela euren lehenengo partidua. Gernika eremu gorrian egon denez, arazo gehiago eduki ditugu martxan jartzeko. Baina, uste dut helduko garela euren erritmora. Gure intentzioa lehia horretan egotea da”.
Errugbia probatzeko gonbidapena. Bestalde, Gernika RTren jokalariek gogoratu dute norbaitek kirol hau probatu nahi baldin badu “euren ateak zabalik” daudela. Martitzen, eguazten eta barikuetan entrenatzen dute Urbietan.