"Pandemiak eta itxialdiak eraginda", hondakinak murriztu dira Bermeon
Beira eta paper eta kartoien bilketa nabarmen jaitsi da; kontuan hartzekoa dela diote tabernak eta dendak zarratuta egon direla. Organikoa birziklatzen dutenen kopurua goraka doa.
Bermeoko Udalak iazko hondakinen bilketaren datuak eman ditu. Diotenez, oro har, iaz jaitsi egin ziren batutako hondakinak. “Pandemiak eta horrek ekarri duen itxialdiak zuzeneko eragina izan du hondakinen bilketan. Datuek erakusten dute martxoan eta apirilean bizi izan genuen itxialdiak hondakin gutxiago sortzea ekarri duela”, esan du Zerbitzu Saileko zinegotzi Idoia Platasek.
Aipatu duenez, sastarren kopurua jaitsi egin da, eta ontziena, berriz, igo: “Honek esan gura du sastar gutxiago sortzen dugula eta, gainera, sortzen dugun hori hobeto banatzen dugula”. Beira eta kartoi eta paperen bilketa nabarmen jaitsi da. Platasen arabera, kontuan hartzekoa da tabernak zarratuta egon direla, eta horrek beiraren bilketan zuzeneko eragina izan duela nabarmendu du: “Gauza bera esan dezakegu paper eta kartoiekin. Dendak tarte batean itxita egon direnez, beherakada ekarri du”.
Organikoari aipamena egin gura izan dio Platasek: “2019an hasi ginen organikoa birziklatzen, eta badirudi gero eta gehiago garela urrats hau ematen ari garen bermeotarrak”.
Apurka-apurka datuak “hobetzen” doazela uste du Platasek; hala ete guztiz ere, oraindik “egiteko asko dagoela” gaineratu du: “Emaitza hobeak lortu behar ditugu, eta hori izango da hurrengo urteetako erronketako bat”.
Garbiketen balorazioa. Beste alde batetik, Bermeoko Udalak 2020an herriko garbitasuna hobetzeko hartutako erabakien eta martxan jarritako hobekuntzen “balorazio positiboa”· egin du. Gogorarazi dutenez, besteak beste, herriko sastar eta paper eta kartoiak batzeko edukiontziak berritu ziren, kaleak eta kantoiak garbitzeko hidrogarbigailu zerbitzua martxan jarri zen, eta kontzientzia sortzaileak kontratatu ziren herritarrengan garbitasunaren, bizikidetzaren eta birziklapenaren gaineko kontzientzia piztu eta eduki ditzaketen zalantzen gainean informatu eta laguntzeko.
Hala, Bermeo garbi izateko helburu estrategikoaren barruan “pauso garrantzitsuak” eman zirela uste dute.