Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza duten sindikatuek negoziazio kolektiboa eskatzen segituko dute
Egunotan lanuzteak eta mobilizazioak egiten ari dira. Gaur arratsaldean elkarretaratzean batu dira Gernika-Lumon bertako eta inguruko herrietako hezitzaileak eta familiak.
ELAk, LABek eta STEILASek deituta, Haurreskolak Partzuergoaren langileek lanuzteak egin dituzte azken hiru egunotan, eta sindikatuen arabera, %72ko jarraipena izan dute.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat herritan egin dituzte mobilizazioak gaur. Esaterako, Gernika-Lumoko eta inguruetako udalerrietako hezitzaileak eta familiak Pasealekuan elkarretaratzean batu dira arratsaldean.
Abenduan hasitako dinamikari jarraituz, Hezkuntza Sailari negoziazio kolektiboa eskatzeko mobilizazioekin jarraituko dute. Izan ere, bi hilabeteotan sailaren berririk gabe segitzen dutela salatu dute: “Isiltasun hau negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko eta ikusezin bihurtzeko ahalegina dela salatu nahi dugu. Urteetan zehar partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanaren eta langileak mobilizazioen bitartez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan jarraituko dugu”.
0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari “merezi duen aitortza” emateko garaia dela nabarmendu dute. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari haurreskolen etorkizunari buruz argi hitz egiteko eskatzen diote. Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna hezkuntza zerbitzu honen doakotasunean eta Hezkuntza Sailean integratzearekin bermatuko dela uste dute. “Pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei Haurreskolak Partzuergoaren kuoten hobariak gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzari egin zion eskaera nola gauzatuko den argitzea ere eskatzen diogu. Era berean, Legebiltzarrak eskatu zizkion erabateko doakotasunerako urratsak noiz emango dituen azaltzea dagokio”, azaldu dute. Haurreskolak Partzuergoko enpleguaren behin-behinekotasun tasa jaisteko lanpostuak egonkortuko dituen kontsolidazio prozesu baten beharra aldarrikatu dute.
Sindikatuen eskaerak:
- Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.
- Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.
- Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.
- Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.
- Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.
- Aurrekontua handitzea.