Soldata arrakalagaz amaitzeko eskatu dute
Bizitzarako funtsezkoak diren zerbitzuen pribatizazioa salatu eta zaintzagaz zerikusia duten "lan guztiak publiko" egiteko eskatu dute LAB sindikatukoek. ELAk ere, soldata arrakala "gaitz pandemikoa" dela dio.
Soldata arrakalaren kontrako eguna da gaur, eta urtero legez, mobilizazioak deitu ditu LABek Euskal Herriko hiriburuetan; 10:30ean elkartu dira Bilbon. Bizitzarako funtsezkoak diren zerbitzuen pribatizazioa salatu dute, eta, zaintzagaz zerikusia duten “lan guztiak publiko” egiteko eskatu. Baita lan horien aitorpen politiko, ekonomiko eta soziala egiteko ere.
Generoaren araberako lan banaketa sistemak berak “inposatzen” duela salatu dute gaur LABekoek: “Ez dago emakumeena edo gizonezkoena den lanik. Hori kapitalaren eta instituzio neoliberalen arteko aliantzaren eraikuntza da. Horiek noren arabera balioesten diren ez da neutroa, ez normala, ez naturala”.
ELAk ere, soldata arrakala “gaitz pandemikoa” dela dio. “Oraindik ere, emakumeok gizonek baino soldata baxuagoak jasotzen ditugu balio bereko lanak egiteagatik. Emakumez osatuko lanbide, sektore zein lanpostuak gutxietsiak izaten jarraitzen dute, sozialki, zein ondorioz, ekonomikoki”, azaldu dute. Diotenez, horren adierazgarria da Hego Euskal Herrian urteko soldata arrakala 7.500 euro baino gehiagokoa izatea, %24tik gorakoa, hain zuzen.
LAB sindikatuarentzat instituzio publikoak dira generoagatiko “soldata-arrakalaren erantzule zuzenak”. “Zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzten bakoitzean, zaintza lanekin negozioa egiten duten bakoitzean, zerbitzu bat feminizatzen dutenean, eta, hortaz, zerbitzu horretako lan baldintzak kaskartzen uzten duten bakoitzean bultzatzen dute hori”, diote LABeko ordezkariek.
Euren ustez, sexuaren araberako lan banaketa da generoaren araberako soldata arrakala “elikatzen eta eraikitzen” duen tresna: “Lanak eta enpleguak emakumeen eta gizonen artean bereizita banatzen ditu, eta balio ekonomiko, politiko eta sozial txikiagoa ematen die emakumeek egiten dituztenei; oro har, zaintza-lanekin lotutakoak edo tradizioz bizitzaren erreprodukzioari egokitutakoak dira horiek”.
Banaketa eginda, emakumeei ezartzen zaizkie etxeko zainketa lanak “emakumeen lana dela naturalizatuz eta gizonezkoek lan horren ardura har ez dezaten normalizatuz”. Horri gainera, beste arlo batzuk gehitu behar zaizkiola diote LABekoek, emakumeen jatorria esaterako: “Lan banaketak emakume migratuak eta arrazializatuak kondenatzen eta kanporatzen ditu euren balio-eskala kapitalistan okerrenak diren eta lan-baldintza okerragoak dituzten lanetara (soldatak, ordutegiak, atsedenaldiak, eskubideak)”.
Hori horrela, enpleguaren eta lanaren banaketa “bidegabe, inposatu eta bereziagaz” amaitzeko eskatu dute. Eta, horretarako, emakumeek egiten dituzten lanak behar bezala aintzat hartzea “beharrezkoa” dela esan dute, ordaindutako lanak izan edo ez. “Benetan baldin badaukazue borondate politikoa soldata- arrakalarekin amaitzeko, has zaitezte lehen pausoekin eta publiko bihur itzazue zerbitzu horiek”, azaldu dute.
Hala, doako zaintza lanak komunitatearen eta zerbitzu publikoen artean banatzeko eskatu dute: “Sexuaren araberako lan banaketarekin amaitzea ezinbestekoa da soldata-arrakalarekin amaitzeko. Lan-baldintza duinen bidez, feminizatutako lan guztiak aintzatetsi behar dira, eta botere publikoek lan-bereizketa hori amaitzeko betebeharra dute, enpresak kontratazio diskriminatzaileekin amaitzera behartuz”.
ELA sindikatukoek soldata arrakalaren aurkako “politika eta ekimen eraginkorrak” beharrezkoak direla diote. “Azken urteetan gaiaren bueltan hainbat lege aldaketa ematen ari diren arren, enpresa eta administrazioak soldata arrakalaren sortzaile izaten jarraitzen dute. Maiz legea bere osotasunean aplikatzea ere kosta egiten da, berdintasun neurri eta mekanismo formalek zuriketa morea izaten dutelarik helburu gehiegitan”.
Hala, soldata arrakalaren aurkako lege eta arauak “betearazteko” eskatu dute ELAkoek, enpresa pribatuetan, zein administrazio publikoan ere. “Berdintasun lege eta arauak argitaratzen dituzten horiek maiz arrakala horiek birproduzitu egiten dituzte euren baitan. Zerbitzu publikoen pribatizazioa sustatzen ari diren honetan, hainbat zerbitzu feminizatu azpikontratatu egiten ditu administrazio publikoak. Horren adibide ditugu zaharren egoitzak, garbiketa zerbitzuak edota eskoletako jantokiak, besteak beste”. Eredu izan beharko lukeen administrazioa behar da, haien ustez.
Martxoaren 4an, greba. Emakumeek egiten dituzten zaintza lanak “funtsezkoak” direla kontuan hartuta, lan horiek egiteko lan baldintza duinak eskatu dituzte.
Eskaera horiek kalera ateratzeko, sindikatuak greba egingo dute martxoaren 4an. Zerbitzu feminizatu, azpikontratatu eta prekarizatu horietan guztietan egin dute greba deialdia. Hala, urtarrilaren 26an egin legez, zaintza eta gizarte zerbitzu sistema eta kudeaketa “publikoaren, unibertsalaren, doakoaren eta kalitatezkoaren” alde egingo dute berriro. ELA, LAB, UGT, ESK, eta CCOO sindikatuek deitutako greba da hurrengoa.