Gazteek poliziaren "gehiegikeria" salatu dute
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, bestalde, gertatutakoaren irakurketa egin du eta "gutxi batzuen" jarrera salatu du.
Busturialdeko Gazte Koordinadorak eta Egurre Gazte Asanbladak deituta, ehunka gazte elkartu ziren atzo Pasealekuan, “poliziaren gehiegikeria” salatzeko. Zapatuan, 20:00ak aldera, ertzainak auditoriora gerturatu ziren bertan zeuden taldeak desegiteko, baina “gazteen aurka kargatu” zutela salatu zuten.
“Gaur Pasealekuan ehunka gazte elkartu gara atzo jasandako biolentzia poliziala eta horrek gazteriaren intimidazio eta disziplinamendurako duen funtzio argia salatzeko“, azaldu zuten Busturialdeko Gazte Koordinadora Sozialistako kideek. Egoera horri aurre egiteko “askatasun politikoen defentsa” antolatzea ezinbestekoa dela azpimarratu zuten.
Ernaiko gazteek ere, zapatuan ertzainek erabilitako “gehiegikeria” salatu zuten atzo, idatzi baten bitartez: “Gernikako gazteok poliziaren gehiegikeriaren aurpegirik oldarkorrena ikusi genuen. 20:00ak aldera, ertzainen 3-4 furgoneta agertu ziren herrian; probokaziorako nahia nabaria zen. Handik gutxira, kargatu egin zuten gazteon kontra. Poliziaren biolentzia izugarria izan zen“. Ernaiko kideen berbetan, herrian “tentsioa sortzea” zen Ertzaintzaren asmoa.
Gazteek diotenez, “hainbat” zauritu egon ziren, Ertzaintzak foam pilotak erabili zituelako. Horrez gain, bost gazte ere identifikatu zituztela esan dute: “Pandemiaren kudeaketa penagarriaren erantzule egin nahi gaituzte, bururik gabeko gazte biolento moduan irudikatuz mediatikoki”.
Segurtasun sailburu Josu Erkorekak esan du inork salaketarik jarriz gero, gertatutakoa ikertuko dutela: “Salaketarik egongo balitz, eta salaketak oinarririk izango balu, ohikoa den bezala, ikerketa irekiko genuke”.
Alkatearen irakurketa. Bestalde, Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, gertatutakoaren irakurketa egin du. Alkateak dioenez, Ertzaintzak “ez zuen Pasealekuan festarik egiten utzi”, eta bertan zeudenak auditorioan elkartu zirela dio. Hori horrela, han bildutakoei sakabanatzeko eskatu zitzaiela adierazi du Gorroñok, “osasunak ezarritako protokoloak bete behar direlako”. Gehiengoak ulertu eta kasu egiten zuela zehaztu du alkateak, baina berak jasotako txostenen arabera, gutxiengo batzuen erantzuna “iraina eta botilen jaurtiketa” izan ziren.
“Txostenek diotenez, antolatutako ekintza izan da, herrian ezegonkortasuna eta nahasmena eragiteko. Guk ez dugu istilurik behar”, adierazi du alkateak. Hori horrela, antolatzaileei eskatu die gazteak “bakean uzteko” eta manipulaziorik ez egiteko. “Horrelako ekitaldiekin funtsezko zerbait izan behar duena bistatik kentzen ari gara. Orain pandemiarekin amaitzea eta lehenbailehen normaltasunera itzultzearen alde egin behar dugu”, dio.
Horrez gainera, otsailaren 13an eta urtarrilaren 2an izandako istiluak gaitzetsi ditu: “Otsailaren 13an jai giroan ibili ziren Pasealekuan, eta urtarrilaren 2an, antolatutako talde batek udaltzaingoaren aurka botillak, petardoak, etxean egindako bonbak… jaurti zituen, euren osasuna jokoan jarriz. Ezin dugu horrelakorik onartu”.