Gorabidek boluntarioak behar ditu
Adimen desgaitasuna duten 30 eta 45 urte bitarteko pertsonekin zapatuetan aisialdiko jarduerak egiteko laguntza behar du Gorabidek, eta boluntarioak bilatzeko deialdia zabaldu du.
Gorabidek Gernika-Lumon daukan astialdi klubak laguntza behar du, adimen desgaitasuna duten 30 eta 45 urte bitarteko hamabi pertsonekin zapatuetako aisialdi jarduerak burutzeko.
Lan horretan lagunduko duten boluntarioen bila dabiltza, eta esperientza horretan parte hartu gura izanez gero, 94 443 12 10 telefono zenbakira deitu edota tiempolibre@gorabide.com helbide elektronikora idatzi beharko da. Zehaztu dutenez, ez da ikasketa edota ezagutza espezifikorik behar, elkarteak berak eskaintzen baitu prestakuntza saioa. “Boluntarioek, gainera, COVID-19aren prebentziorako prestakuntza ere jasotzen dute, astialdi programetan aplikatzeko”.
Zapatuetan 16:00etatik 18:00etara bitartean batzen dira Gorabidekoak, eta hainbat jarduera egiten dituzte: paseoan ibili, Lizeoan film edo antzezlanak ikusi, zerbait hartu edota erakusketetara joan esaterako.
Horiek egin ahal izateko, Gorabidek Gernikako herritarren lankidetza behar du, Juan Kaltzada 74 zenbakian daukan astialdi klubeko erabiltzaileekin egon eta jarduerak dinamizatzeko. Izan ere, mota horretako boluntarioei esker, adimen desgaitasuna duten pertsonek jainbat jardueratan parte har dezakete, modu dinamikoan. Horrek euren gizarteratze prosezuan eragina dela dio Maite Fernandez Gorabideko Astialdi Zerbitzuko zuzendariak: “Gainera, eremu normalizatuetan astialdia modu dibertigarrian garatzeko aukera dute, eta horrek sozializazioa eta autonomia sustatzeko balio du”.
Pandemiak talde honen jarduerak “baldintzatu” dituela dio Fernandezek, baina elkartekoek “ahal duten beste gozatzen” dutela azpimarratu du: “Konfinamendu perimetrala egon denezn Gernika-Lumotik ibili dira, eta, ahal izan denean, Bilbora eta inguruetara mugitu dira”.
“Oso ondo” baloratutako esperientzia. Gorabideko arduradunek zehaztu dutenez, klubean parte hartu duten pertsonek “oso modu positiboan” baloratu dute esperientzia, maila pertsonalean zein prestakuntzari dagokionez. “Monitore moduan aritzeko baldintzak denbora pixka bat izatea eta esperientzia ezberdin bat bizitzeko gogoa izatea dira”, azaldu du Fernandezek.
Nabarmendu duenez, esperientzia “bikoitza” da, adimen desgaitasuna duten pertsonek “beren sozializazioa eta bizi kalitatea” hobetzen dituztelako eta boluntarioek “esperientzia aberasgarria” jasotzen dutelako.