Lointek Gernika Bizkaiak Teneriferen kontra lehiatuko du Erregina Koparen final-laurdena
Erregina Kopa martxoaren 4tik 7ra lehiatuko dute Valentzian. Gernika-Lumoko taldeak barikuan jokatuko du final-laurdena, eta irabaziz gero, Valenciaren edo IDKren kontra jokatuko du finalaurrekoa, zapatuan.
Eurokoparen taldekako fasea lehiatutako leku berean, eta orduko aurkarietako baten kontra. Gaur egin dute Erregina Koparen final-laurdenen zozketa, eta Lointek Gernika Bizkaiak Ciudad de La Laguna Teneriferen kontra jokatuko du martxoaren 5ean [barikua], 17:30ean hasita, Fontetan.
Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak gogoratu du “oso ondo ezagutzen” duten aurkaria dela Tenerife, eta egindako azken fitxaketekin talde oso orekatua osatzea lortu dutela: “Kalitate handiko jokalariak dira, aurkari oso gogorra da”. Denboraldi honetan alkarren kontra jokatutako bi partiduetatik garaipen bana eskuratu dute. Ligaren joanekoan 58-62 nagusitu zen talde gernikarra abenduan, Malosten, eta Eurokopan, berriz, 60-61 irabazi zuen Tenerifek.
Martxoaren 4tik 7ra lehiatuko dute aurtengo kopa, Valentzian, eta partidu guztiak Teledeporten ikusi ahalko dituzte zaleek. Lehen egunean, Spar Girona-Movistar Estudiantes (17:30) eta Perfumerias Avenida-Duran Maquinaria Ensino (20:30) neurketak lehiatuko dituzte.
Barikuan, berriz, Lointek eta Teneriferen partiduaren ostean, Valencia Basketen eta IDK Euskotrenen arteko final-laurdena izango da (20:30).
Zapatuan [martxoak 6] 13:00etan hasiko da lehen finalerdia. Egueneko irabazleak ariko dira zein baino zein gehiago. Gernika-Lumoko taldeak final-laurdena irabaziz gero, Valenciaren edo IDKren kontra jokatuko du finalaurrekoa, 16:30ean. Domekako finala 13:30ean hasiko da. “Finalaurrekoetan pentsatu barik, burua lehen partidu horretan daukagu. Final bat da, eta horrela jokatu beharko dugu. Teneriferen kontrako azken partidua oso parekatua izan zen. Orduan eurek lortu zuten garaipena, eta espero dugu oraingoan guk irabaztea”, azaldu du Lopezek.
Itziar Ariztimuño jokalariak ere aurkarien kalitatea azpimarratu du. “Erasoan oso gogorrak dira. Badakigu partidu luzea izango dela, eta hasieratik amaierara oso kontzentratuta aritu beharko gara. Kopa hau oso lehiakorra da, eta edozien taldek ezustekoa eman dezake. Ilusioz eta gogoz gaude”.
ERREGINA KOPAREN FINAL-LAURDENAK:
*Martxoak 4, eguena:
- Spar Girona-Movistar Estudiantes (17:30)
- Perfumerias Avenida-Duran Maquinaria Ensino (20:30)
*Martxoak 5, barikua:
- Lointek Gernika Bizkaia-Ciudad de La Laguna Tenerife (17:30)
- Valencia Basket-IDK Euskotren (20:30)