Bonbardaketako argazki berriak San Telmo museoan daude ikusgai
36ko Gerrako suntsiketa argazkietan jaso zuen Sigfrido Koch Bengoetxea argazkilari donostiarrak. Gernikako bonbardaketaren ostean herria zelan geratu den erakusten dute bere argazkietako batzuk, eta horiek San Telmo museoan daude ikusgai.
1936ko gerran bonbardatutako hanbait euskal udalerrietako argazkiak atera zituen Sigfrido Koch Bengoetxea argazkilari donostiarrak. Suntsiketa argazkietan jaso zuen, tartean Gernikako bonbardaketak utziakoa. Bilduma hori hamarkada luzez gordeta izan dute argazkilariaren senideek, baina, orain, lehen aldiz, argazki horietako batzuk ikusi ahalko dira Donostiako San Telmo musoean; maiatzaren 23ra bitartean egongo dira ikusgai.
Donostiara bizitzera joandako Willy Koch Schöneweiss aleman argazkilariaren bigarren semea izan zen Sigfrido, eta haren 150 argazki bildu dituzte Kearen eta lanbroaren artean izeneko erakusketan. Irudi gehienak argitaragabeak dira.
Erakusketa bi aretotan banatu dute. Lehenengoa Gerraren albumari eskainita dago, eta 90 bat irudi erakusten dira bertan, garai hura dokumentatzeko balio duen material gehiagarriagaz batera. Bertan, bonbardaketen ondorioak ikus daitezke, tartea Gernikako bonbardaketakoak, Durangokoak, Zornotzakoak edota Bilbokoak.
Bigarren aretoak, berriz, gerra amaitu eta bederatzi urtera –1948– argitaratutako Pais Vasco: Guipuzcoa liburuko 65 irudi inguru biltzen ditu. Oso bestelakoak dira gela horretako argazkiak, gipuzkoako hainbat herrietako txokoak edota paisaiak agertzen baitira. Beste batzuetan, garaiko jendea, lanbidea eta ohiturak dira protagonista nagusiak.