Bermeoko Udalaren bonuen kanpainak 319.221,27 euro utzi ditu udalerrian
7.000 bonu jarri zituzten salgai ekaina eta abendua bitartean, eta guztiak saldu ziren. Udalerriko 106 establezimenduk parte hartu dute.
Jakitera eman dutenez, 7.000 bonutan banatuta, Udalak 51.200 euroko inbertsioa egin du kanpainan. Bonu guztiak saldu ziren, hortaz, kanpainak 319.221,27 euroko eragina izan du herriko establezimenduetan.
Bermeoko 106 establezimenduk parte hartu dute. Herritarrek, batez ere, etxetresna elektronikoetan, modan eta dekorazioan erabili dituzte bonuak.
Bermeoko Udalak maiatzean abiarazi zuen Nik, BermeON egitasmoaren barruan garatu da bonuen kanpaina, eta ekaina eta abendua bitartean egin da.
Kanpainak izan duen ematzarekin “oso pozik” daudela esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak: “Kanpaina honen helburua zen herriko merkatari, ostalari eta turismo enpresak laguntzea, herritarrek euren erosketak egiteko erraztasun gehiago izatea eta herrian kontsumoa sustatzea. Datuak ikusita uste dugu helburua lortu dugula. Oso urte zaila izan da atzean utzi duguna. Herritarrek oso gaizki pasatu dute, eta datozen urterako aurreikuspen ekonomikoak ez dira onak”. Horregatik alkateak uste du “oso garrantzitsua” dela mota horretako egitasmoak martxan jartzea.