Gernikako udaletxeko langileen arloko "kudeaketa eskasa" salatu du LABek
Langileen arloko kudeaketa salatuta, udaletxeko barne antolaketa, telelana, protokoloak eta udaletxean dauden arazoak bideratzeko sei neurri proposatu dituzte sindikatuko ordezkariek.
Gernika-Lumoko udaletxeko LAB sindikatuak udaletxeko langileen arloko kudeaketa “maldan behera” doala salatu du: “Kudeaketa eskasa zena desastre bihurtu da”. Horrek langileen osasunean, lan eskubideetan, eta udalak herritarrei ematen dien zerbitzuaren “kalitatean eta eraginkortasunean eragin nabarmena” duela diote sindikatuak udaletxean dituen ordezkariek.
Jakinarazi dutenez, pandemia osoan zehar udaletxeko prebentzio batzordea behin bakarrik batu da, LAB sindikatuko prebentzio delegatuak eskatuta: “Herritarrei eman beharreko zerbitzuen protokoloak eta langileen segurtasun neurriak dekretu bidez aplikatu dira, inoren parte hartzerik barik”. Negoziazio Mahaia ere “behin bakarrik” deitu dela diote, eta, horrela, sortu diren arazoiei aurre egitea “ezinezkoa” dela azpimarratu dute.
Hain zuzen ere, salatu dute hilabeteak direla “bajan dauden langile batzuk ordezkatzen ez dituztela”, eta, egoera hori zenbait arlotan “jasanezina” bihurtzen ari dela diote, batez ere Herritarren Arretarako Zerbitzuko eremuan. “Langileak lanez gainezkoa daude eta egin beharreko lanak burutzeko dituzten baldintzei eta eskubideei muzin egin behar izan diete”, argudiatu du LABek.
Udaletxeko langileen telelanaren kudeaketa “negargarria” izaten ari dela uste dute: “Langileen eta sindikatuen iritzia ez da kontutan hartu, ez digute ezer galdetu, ez digute etxetik lan egiteko behar besteko baliabiderik eman eta ez dituzte lanpostu bakoitzaren berezitasunak kontuan hartu”. Langileen kudeaketan inprobisazioa nagusitu dela salatu dute. Diotenez, langileek zein sindikatuetako ordezkariek posta elektronikoz jasotzen dituzte dekretuak, ekarpenak egiteko “inolako aukerarik barik”.
26 udal langilek udaletxearen kontra jarritako salaketa baten sententzian jasotzen dena duela bi urtetik “bete gabe” dagoela gaineratu dute: “Azpimarratzekoa da martxan jarri nahi duten Giza Baliabideen Plan Berria gauzatzeko enpresa bat kontratatu izana, eta egindako azterketa eta ondorioen txostena bere nahietara moldatzen ari direla, langile eta sindikatuoi benetako emaitzaren berri eman nahi barik”.
Eskaerak. Gaur egun herritarrek “inoiz baino gehiago” behar dituzte kalitatezko arreta eta zerbitzu publikoak, eta hori lortzeko langile eta arduradun politikoek bat egin behar dutela esan dute LABekoek. Hala, udaletxeko barne antolaketa, telelana, protokoloak eta udaletxean dauden arazoak bideratzeko sei neurri proposatu zituzten sindikatuko ordezkariek otsailaren 3an.
Sindikatuetako ordezkariekin Negoziazio Mahaia aktibatzeko eta egutegi bat osatzeko eskatu dute sindikatu abertzalekoek. Horrez gain, bajan dauden langile guztiak ordezkatzeko eta telelanaren kudeaketa “eraginkorra” gauzatzeko eskatu diote, “langileak kontutan hartuz eta sindikatuekin adostuz”.
Udalaz kanpoko enpresa bati agindutako Giza Baliabideen Planaren emaitzak bere horretan aurkezteko ere eskatu diote udalari, baita balorazioaren epaia behin betiko bideratzea ere. Halaber, udaleko langileen ebaluazio psikosoziala egitea “ezinbestekoa” dela deritze.