Busturialdeko zentro soziosanitarioetako langileei PCR probak egiten ari zaizkie
Bizkaiko Foru Aldundia prebentziozko baheketa egiten ari da gaur. 12 adinekoen egoitza eta 3 eguneko zentrotako profesionalei Gernikako Kaltzada egoitzan egiten ari zaizkie PCRak.
Busturialdeko adinekoen eta desgaitasuna duten 15 zentro soziosanitarioetako profesionalei prebentzio baheketa egiten ari dira gaur Gernika-Lumoko Kaltzada egoitzan.
Bizkaiko Foru Aldundiko erantzun azkarreko taldeek kasu positiboen bila PCR probak egiten jarraitzen dute, prebentziozko baheketen bidez, eta gaur Busturialdean ari dira baheketa egiten. Hain zuzen, adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentroetako, eguneko arretarako zentroetako eta Altzoan gabineteko 479 profesionali egiten ari zaizkie.
Bizkaian mendekotasuna duten adineko pertsonentzako egoitza-zentroen sareko egoeraren berri ematen zuen atzo aldundiak, eta emandako datuen arabera, 7 egoitzatan daude gaixotutako egoiliarrak: Caser Artxanda-Bilbao (2), Marcelo Gangoiti-Muskiz (2), Caser Txurdinaga-Bilbao (1), San Miguel-Basauri (1), Leon Trucios-Balmaseda (1), Begoñako Ama-Bilbao (1) eta Fundación Miranda-Barakaldo (1).
Gaurko datuak. Eusko Jaurlaritzako osasun sailak gaur argitaratutako txostenaren arabera, azken 24 orduetan, 10 positibo zenbatu dituzte Busturialdean; sei Bermeon eta lau Gernika-Lumon. Hori horrela, Bermeok gune gorrian dagoen Busturialdeko herri bakarra izaten jarraitzen du, baina intzidentzia-tasaren beheranzko joera mantentzen da bertan; 662,33ko intzidentzia tasa zuen atzo kostako herriak.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako datu orokorrei dagokienez, 10.874 test diagnostiko egin zituzten atzo, eta, horietatik, 499 positiboak izan ziren: 56 Araban, 327 Bizkaian, 109 Gipuzkoan eta 7 erkidegotik kanpo bizi diren pertsonetan.
COVID-19aren ondorioz 61 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta 159 pertsona zeuden ZIUn.