Bihar zabalduko dituzte jolasguneak, skate pista eta aire zabaleko kirolguneak
Eguenetik aurrera, Bermeoko Musika Eskolak eskola presentzialak berreskuratuko ditu.
Bermeoko Udaletik jakitera eman dutenez, egoera sanitarioa “hoberantz” doanez, bihar umeen jolaslekuak, skate pista eta aire zabaleko kirolguneak zabalduko dituzte. Gainera, eguenetik aurrera, Bermeoko Musika Eskolak eskola presentzialak berreskuratuko dituela azaldu dute.
Umeen jolaslekuetan jarrita dauden zintak kendu egingo dituzte eta desinfekzio lanak egingo direla azaldu dute, “bihar egoera hoberenean egon daitezen”. Bestalde, skate pistaren ordutegia honakoa izango da: 08:00etatik 20:00etara.
“Egoera sanitarioak hobekuntzarako bidea hartu du, nahiz eta oraingoz alarma gorria egoeran gauden. Badirudi kutsatuen kopurua egunez egun murriztuz doala eta honek erabaki hau hartzera eraman gaitu”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Zarratzeko erabakia hartzea ez zela erraza izan gogorarazi du alkateak, “baina beharrezkoa zen”.
Hala ere, herritarrei eskatu die ez erlaxatzeko: “Asko dugu oraingoz egiteko. Indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak betetzea ezinbestekoa da. Guztion osasuna dago jokoan”.