Bermeoko Udaltzaingoak 37 pertsona salatu ditu asteburuan
21 pertsona salatu dituzte lokaletan egoteagatik edo kale zurrutean aritzeagatik, eta 16 pertsona, berriz, lau pertsona baino gehiagoko taldeetan egoteagatik edo orduz kanpo kalean egoteagatik.
Jakitera eman dutenez, 21 pertsona salatu dituzte lokaletan egoteagatik edo kale zurrutean aritzeagatik. Beste alde batetik, Bermeoko Udaltzaingoak beste 16 pertsona salatu ditu lau pertsona baino gehiagoko taldeetan egoteagatik edo orduz kanpo kalean egoteagatik.
Elkarrenganako errespetua “ezinbestekoa” dela esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak, eta mota horretako jarrera horiek, hortaz, “gogor” salatu behar direla uste du: “Beheranzko tendentzia ageri bada ere, herriko datuak oraindik ez dira bat ere onak eta zuhurtziaz jokatu behar dugu. Gogorarazi behar dugu birusaren transmisioa altua dela. Ezin gaitezke lasaitu. Jakin badakit ahalegin handia egin dugula hilabete hauetan. Bada, orain ahalegin horri eustea dagokigu, eta noski, arauak modu solidarioan betetzea“.
Gogorarazi gura izan du lokalak ezin daitezkeela zabaldu, eta erabat debekatuta dagoela kale zurrutean aritzea. Modu horretan, Udaltzaingoak bere lana egiten jarraituko duela adierazi du, eta horrelakoak ikusten dituztenean legea betearaziko dutela gaineratu du: “Guztiok dakigu gehienez lau pertsonako taldeetan elkartu gaitezkeela eta ordutegi batetik kanpo ezin gaitezkeela kalean egon. Legea betetzea behar beharrezkoa da, guztion osasun eta etorkizuna baitago jokoan”.