Zapore goxoak, agertokira
'Gominolas' izeneko abestia kaleratu du Supercremalleras taldeak. Euren lehenengo lan luzea izango denaren aurkezpen kantua da, taldea zelakoa den "islatzen" duena.
Kilometroz kilometro bidea egin, eta kantuz kantu diskoa osatu dute Supercremalleras talde gernikarreko kideek. Zapore “goxoz” betetako lana da, entzuleak harrapatzea helburu duena.
Taldea eratu eta entseatzen denbora igaro eta gero, 2019an EP bat aurkeztu zuen Supercremalleras taldeak. Orain, baina, lan berriagaz datoz talde gernikarreko kideak. “Kanta batzuk kaleratu genituen duela bi urte. Zerbait publikatzeko eta gure lana erakusteko gogoa geneukalako atera genuen EP hori, baina ikasteko prozesua izan zen hura, gauzak zelan egin gura genituen aztertzeko eta ikasteko unea”, azaldu du Gorka Etxeberria taldeko abeslariak.
Aurten, apurka-apurka kaleratuko duten 30 minutuko lan luzea aurkezten hasi dira. Horretarako, Gominolas izeneko lehen kantua kaleratu zuten duela astebete taldeko kideek, euren burua aurkezteko eta agertokiak zapaltzeko gogotsu daudela adierazteko. “Diskoko kanten artean, azken sortu genuen kantua izan zen Gominolas. Behin grabatuta, argi genuekan guztiok hori izango zela lan berriko lehenengo singlea”, azaldu du Etxeberriak. Izan ere, euren berbetan, kantu hori da taldea musikalki zein letra aldetik “hoberen” islatzen duena. Kantu berria argitaratzeaz gain, bideoklipa ere kaleratu dute.
Kanta laburra da Gominolas, entzuteko eta buruan gordetzeko erraza. Entzuleak “harrapatzeko” osagai guztiak dituen maitasun kantua, hain zuzen. Abesti “gozoegia” dela dio abeslariak, eta hortik datorkio izena: “Kanta idazterakoan konfinatuta nengoen, eta abestiak ukitu gozoegiak izatea gura nuen. Baina maitasun kantua da, ukitu pikanteak ere badituena”.
Gaur 19:00etan Zornotzan aurkeztuko dute euren lehen lan luzea
Maitasunaz gain, bestelako gaiak ere lantzen dituzte euren lan berrian Supercremalleras taldekoek; pertsonen konplexuak, esaterako. Eta kantuetan ez dituztela esperientzia propioak bakarrik kontatzen adierazi dute: “Kanta bakoitzak bere istorioa du. Ez dugu pentsatzen zeri buruz idatziko dugun, berez sortu zaizkigun letrak jarri dizkiegu abestiei”. Letrak sortzea eta horiei “zentzua” ematea da Etxeberriarentzako zailena; baina lortu dute.
Rocka, abiapuntu
Rocka abiapuntu hartuta, pop estiloa uztartzen dute euren abestietan Supercremalleras taldekoek. “Rockaren inguruan mugitzen gara. Gitarrak, baxua eta bateria ditugu, eta punk estiloaren ukitu bat ere badaukagula esango nuke”, dio Etxeberriak.
Taldekide bakoitzak bere musika estiloa entzuten duen arren, argi dute zein den taldearen norabidea. “Talde modura, musikalki ditugun helburuak argi ditugu. Bakoitzak bere musika entzuten du, baina proiektu modura, badakigu norantz joan gura dugun. Kantak itsaskorrak izatea bilatzen dugu, eta letrek poesi puntu bat izan arren, zuzenak izatea lortu gura dugu”.
2020an landu eta azaroaren amaieran Gironan grabaturiko lana aurkezten hasi dira dagoenerako. Astebeteko epean grabatu zuten diskoa Ultramarinos Costa Brava estudioan, Santi Garcia ekoizlearen gidaritzapean. Abentura bat izan zela diote, baina asko ikasi zutela: «Astelehenetik zapatura bitartean, 24 orduz aritu ginen diskoa lantzen. Taldekideak batzeko balio izan digu grabaketa prozesuak, baita asko ikasteko ere”.
Azaroan Girona grabatu zuten diskoa, Santi Garcia ekoizleak gidatuta
Apurka-apurka
Musikaren merkatuari erreparatuta, gero eta gehiago dira kantuak banan-banan kaleratzearen aldeko apustua egiten ari diren musika taldeak. “Merkatua aldatu egin da, argi dago ez duela lehengo moduan funtzionatzen. Orain, kantak banaka kaleratzeari ematen zaio garrantzia. Hori da merkatuak gaur egun dioena”, uste du taldeko abeslariak. Hori esanda, eurek ere eredua jarraituko dutela dio, eta lan luzeko lehenengo hiru abestiak uda aurretik publikatuko dituztela gaineratu du, apurka-apurka: “Udarako hiru kanta jendaurrean aurkeztuta izatea da asmoa”.
Hala ere, diskoa kaleratzearen alde egingo dute Supercremallerasekoek: “Erromantikoak gara, eta lana fisikoki ere eduki gura dugu”. Horrez gain, zuzenekoei begira ere, errepertorio luzea izan gura dute, jendeak euren abestiekin abesteko eta gozatzeko. Hala, gainerako abesti guztiak disko formatuan entzun ahalko dira, denak batera. “Merkatuak zelan funtzionatzen duen ikusita, badakigu jendartean presentzia handiagoa izango dutela lehenengo hiru abestiek. Baina beste guztiei ere daukaten balioa ematen ahaleginduko gara, euretariko bakoitzari ikus-entzunezko bat eginez”. Hala, kantu guztiek euren protagonismoa, lekua eta momentua izatea espero dute.
Oraindik ez dakite hurrengo kantak noiz kaleratuko dituzten, baina euren lana aurkezteko ordua, eguna eta lekua zehaztuta daukate. Ez da itxaron beharko. Gaur izango da. 19:00etan Zornotzako Zelaietan ariko dira.
Taldekideak:
- Gorka Etxeberria. Taldeko abeslaria eta gitarra. Dientes de Luna taldeko kidea ere bada.
- Dani West. Taldeko gitarra-jotzailea.
- Gorka Olaeta. Taldeko gitarra-jotzailea.
- Julen Alberdi. Taldeko baxu-jotzailea. Blanco y en Botella taldeko kidea ere bada.
- Unai Markina. Taldeko bateria-jotzailea. Blaster-M taldekoa ere bada.