Segundo Olaeta Musika Eskolak inauterietako kontzertua eskainiko du Instagramen
Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasleek inauteriak girotzeko emanaldia eskainiko dute bihar, zuzenean, Instagramen. 20:15etik aurrera ikusi ahalko da kontzetua.
Garai berrietara egokitu dira Segundo Olatea Musika Eskolako ikasle eta irakasleak, eta aurrez aurreko kontzertuak eman ezin direnez, inauteriak girotzeko emanaldia eskainiko dute zuzenean Instagramen; bihar, 20:15ean, Instagrameko @segundolaeta sare sozialean jarraitu ahalko da inauterietarako prestatutako kontzertua.
Uxue del Padro, Agate Txurruka, Hibai Monzon eta Nora Zabala piano-jotzaileak, eta harizko orkestrako kideak izango dira protagonista nagusiak. “Piano-jotzaile bakoitzak musika pieza klasiko bat joko du, orkestrak lagunduta”, azaldu dute musika eskolako antolatzaileek. Hain zuzen ere, Burgmuller, Duvernoy, Cornick eta Hayden musikarien lanak eskainiko dituzte. 15 minutu inguruko emanaldia izatea aurreikusi dute antolatzaileek.
Musika eskolako orkestrako kideek Instagramen zuzenean eskainiko duten bigarren kontzertua izango da, abenduko kontzertua izan baitzen lehenengoa: “Abenduko aste kulturalean eman genuen lehenengo kontzertua. Lehenengo proba izan zen, eta oraingoan berriro beste kontzertu txiki bat egitea pentsatu dugu”.
Emanaldia aurrez aurreko kontzertuak egin ezin direlako prestatu dute, baita ikasleei ikasturte hasieran ikasitakoa erakusteko aukera eskaintzeko ere. “Ez da berdina kontzertu bat ikasgelan prestatzea edota jendaurrean orkestragaz eskaintzea zuzenean”, azaldu dute irakasleek.
Egoerara egokitzeko lanean. Egoerak hala jarraituz gero, onlineko kontzertuak ematen jarraitzeko asmoa dute: “Apirilean edota ekainean ere berdina egingo dugu. Izan ere, kontzertuak eman ahalko badira ere, aretoetako edukiera murriztua izango da, eta ezingo dira ikusle asko gerturatu”.
Sare sozialak aprobetxatuta, jende gehiagorengana hurbiltzea da asmoa. “Egoerara egokitzen gaude irakasleak, eta sare sozialak musikako ikasketetan txertatzea erabaki dugu. Pandemiak eskaintzen digun aukeretako bat da hau. Kontrolpean ez geneukan mundu batean sartu gara. Cornick-en Ringing the changes piezak dioen bezala, gu ere aldaketetara egokitu gara”.