Sahararako 3.115 kilo jaki batu ditu Besaldek eskualdean
'Piztu Itxaropena' XVII. Euskal Karabana otsailaren 27an abiatuko da Bilbotik Busturialdean eta Euskal Herriko beste hainbat lekutan bildutakoagaz
Besalde Bermeoko Sahararen aldeko elkarteak Euskal Karabanarako jakiak batu ditu Busturialdean, eta urtero egin legez, batutakoaren berri eman du. Aurten 3.115 kilo jaki batu dituztela azaldu dute elkarteko ordezkariek.
Aurtengo bilketa ez da ohi modukoa izan. Koronabirusaren eraginez, ez dituzte elikagaiak batu eskualdeko denda eta supermerkatuetan. Horren ordez, eskualdeko hezkuntza zentroetan eta San Frantzisko elizako arkupeetan batu dituzte jakiak. Kanpaina “bikain” atera dela esan dute, eta hezkuntza zentroetan beste urte batzuetan baino gehiago batu dela gaineratu dute: “Uste baino hobeto joan da”.
Besalde elkarteko ordezkariak “oso pozik” agertu dira eskualdeko herritarrek emandako laguntzagaz. Batutako janariaz gain, norbanakoen diru laguntzak ere jaso dituzte; 1.040 euro, guztira. “Aurten aportazio ekonomikoa inoiz baino handiagoa izan da, izan daiteke supermerkatuetan egon ez garelako. Ekarpena egin dutenek, gainera, kopuru handiak eman dituzte”.
Jakiak erosteko. Batutako diru hori jakiak erosteko erabili dutela azaldu dute elkarteko ordezkariek; batez ere, lekaleak eta arroza erosi dituztela diote. Beste urte batzuetan konpresak ere erosi izan dituzte, aurten, baina, Gorabidek emanda konpresak bazituztela eta, jakiak erosi dituzte, “eta hortik kilo ugari atera dira”.
Bermeoko Udalak aurten ere diru laguntza eman du. Hain zuzen ere 4.000 euro eman ditu karabanako logistikarako.
Kanpainan parte hartu duten norbanako, elkarte, denda, enpresa, hezkuntza zentro eta udal guztiei eskerrak eman dizkiete, bai eta ere parrokiei eta San Frantzisko elizari lokalak uzteagatik.
Piztu Itxaropena XVII. Euskal Karabana Solidarioa Bilbotik abiatuko da otsailaren 27an, Busturialdean eta Euskal Herriko beste hainbat herritan egindako bilketagaz.