Mozorroak egiteko tailerra antolatu du Busturiko Udalak
Gaurko eta barikuko tailerrak beteta daude, baina, biharko eta etzirako lekuak badaude. Altamirako kultur etxean izena eman behar da.
Aratusteetarako gutxi geratzen da, eta aurten ezer berezirik egin ezin den arren, Busturiko Udalak mozorroak egiteko tailerra antolatu du.
Herriko umeei zuzendutako tailerra da eta asteon egiten ari dira. Hain zuzen ere, atzo hasi ziren eta barikuan amaituko da. Plazak “oso mugatuak” dira, hau da, egun bakoitzean lau umek bakarrik parte hartu ahal dute.
Bi orduko tailerra da; 17:00etatik 19:00etara. Azaldu dutenez, egun bakoitzean mozorro desberdin bat egingo dute izena ematen duten umeek. Atzoko tailerrean mailukiz mozorrotu ziren, baina mozorro gehiago egingo dituzte: ostadarra, hodeia…
Gaurko eta barikuko tailerrak beteta daude, baina, biharko eta etzirako lekuak badaude. Hala, mozorro tailerrean parte hartu gura duten horiek, Altamirako kultur etxean izena eman beharko dute. 94-617 10 04 telefono zenbakira ere deitu daiteke.
Aipatu dute, gainera, herriko umeek interesa agertzen baldin badute, eta ume askok izena ematen baldin badute, tailerra datorren astean ere eskaintzeko prest daudela.