Gernika-Lumo gune laranjara pasatu da
Bermeo da gune gorrian dagoen Busturialdeko udalerri bakarra. EAEko Auzitegi Nagusiak ostalariek jarritako helegitea onartu eta eremu gorrian dauden herrietako tabernak eta jatetxeak zabaltzeko baimena eman du. Behin-behineko erabakia da; auzitegiak esan du denbora gehiago beharko dutela auziaren muina aztertu eta ebazpen bat emateko.
487,86ko intzidentzia-tasagaz, gune gorritik gune laranjara pasatu da Gernika-Lumo. Beraz, 1017,15eko intzidentzia-tasagaz Bermeo da eremu gorrian dagoen eskualdeko udalerri bakarra.
Osasun Sailak gaur emandako datuen arabera, Busturialdean 18 positibo zenbatu zituzten atzo: 13 Bermeon, 3 Gernika-Lumon eta bana Foruan eta Mundakan.
Erkidegoko datu orokorrei dagokienez, 12.320 test diagnostiko egin zituzten atzo, eta, horietatik, 723 positiboak izan ziren: 99 Araban, 399 Bizkaian, 216 Gipuzkoan eta 9 erkidegotik kanpo bizi diren pertsonetan. Positibotasun tasa % 5,9ko da.
COVID-19aren ondorioz 93 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta 157 pertsona zeuden ZIUn.
Ostalaritza. Alabaina, EAEko Auzitegi Nagusitik heldu da gaurko albiste nagusia. Ostalariek jarritako helegitea onartu eta eremu gorrian dauden herrietako tabernak eta jatetxeak zabaltzeko baimena eman du. Indarrean dauden neurriekin ostalaritza ez dela “osasun publikoarentzat bereziki arriskutsua” dela argudiatu du auzitegiak helegite onartzeko.
Gune gorriko udalerrietan ostalaritza ixteko erabakiaren kontra egin zuten Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Ostalarien elkarteek. Kautelazko neurri gisa, eta auziaren muina aztertu bitartean, neurria bertan behera uzteko eskatu zioten Administrazioarekiko auzien Salari. Eskaera hori aintzat hartzea ebatzi du, horrenbestez, justiziak.
Behin-behineko erabakia da; auzitegiak esan du denbora gehiago beharko dutela auziaren muina aztertu eta ebazpen bat emateko.