Begiradak, gurutze-puntutik
Orduak eta orduak ematen ditu Aintzane Larrabaster bermeotarrak etxeko egongelan sortu duen tailer txikian. Argazkiak gurutze-puntuan egindako artelan bihurtzen ditu.
Etxeko egongelako txoko batean ematen ditu orduak Aintzane Larrabaster bermeotarrak. Han sortu du bere tailer txikia. Argazkiak gurutze-puntuan egindako artelan bihurtzen ditu. Begiradak gurutze-puntuan jarrita dauzka.
Orratzak, oihalak eta artilezko eraztunak beragaz batera hazi direla uste du; «beti presente izan ditut». Bere amak betidanik josi eta bilbatu izan du. Gainera, beti uste izan du ezer ez egitea denbora galtzea dela. Geldi badago lo geratzen dela dio, hortaz, beti du zerbait egiteko: “Ez dakit zertarako den egongolako sofa, ez dut erabiltzen”.
Kakorratz lanak egiten hasi zen 9 urtegaz, eta ordurako amaren egunerako lehenengo mahai-zapia egin zuen. Mojen ikastetxean ikasi zuen, eta dioenez, ohiko ikasgaiez gain, mojek egiten zekitena irakasten zioten, eta Larrabasterrek mota horretako eskulanak ondo egiten zituen.
Hala eta guztiz ere, gurutze-puntua egiten beranduago hasi zen; gutxi-gutxika hasi zen gauzak egiten, adur-zapiak, mahai-zapiak, ahozapiak… “Ikusten nuen edozer gauza kopiatzen nuen, orratza erabiltzeagatik eta haregaz egin ahal zena ikusteko, edozein motatako lanak kopiatzen hasten nintzen”.
Josi ere egin du, baina ez du gustuko. Makinagaz bordatzen ere ikasi zuen, bastidorea erabilita… Askotariko lanak egin ditu, baina betidanik gustukoago izan ditu eskuz egindako lanak makinagaz egindakoak baino: “Makina ez ateratzeagatik, eskuz egingo nuke jantzi bat”.
Bizitzak, baina, garai desberdinak ditu, eta bere bizitza eta ingurukoak aldatuz joan diren moduan, beharrak ere aldatu ditu: “Seme-alabak txikiak zirenean puntu-lanak egiten nituen batez ere. Aldizkarietan begiratu eta gustukoa nuena kopiatzen nuen. Hondartzarako aulki bat eroaten nuen edonora, bilbatzeko. Kontserberetako lau hilabeteko greba Salicaren kanpoaldean pasatu nuen aulkiagaz puntua egiten, piketeen aurrean”.
Londresen ere bizi izan da, gaztetan: “Askotan pentsatzen dut orduan lan horiek guztiak egiten jakin izan banu, zenbat diru irabaziko nukeen. Eskatzen zidaten guztiari baietz esaten nion”.
Programa baten bidez. Edozein tela hartu eta bere gustura mozten zuen arropak egiteko: “Orduan gaztea eta argala nintzen, eta dena ondo geratzen zitzaidan”. Gogoan du behin jertse bat egiten hasi zela, baina goiko aldera iritsi zenean ez zekien orratzak kentzen: “Ez nekien zelan amaitu. Kakorratza hartu eta horrela amaitu nuen. Baina esan behar dut pila bat erabili izan dudala jertsea”.
Jakin izan zuenean posible zela argazki bat gurutze-puntuan egiteko eskemara bihurtzea “itzela” iruditu zitzaion, eta horrela hasi zen gutxi gorabehera orain dela hamazazpi urte.
Senarrak esan zion horretarako programa bat zegoela, eta lehenengo haren laguntzagaz bihurtzen zituen argazkiak gurutze-puntuko eskemetara: “Lehenengo argazkia apur bat atontzen zuten, oihalaren parametroak sartzen zituzten, hari motak, kolore kopurua… horiek sartu eta tamainua adierazita eskema agertzen zen”. Gaur egun ere programa bategaz lan egiten du, baina errazago bat aurkitu zuen, eta ez du senarraren laguntza behar.
Urteekin lan egiteko moduak hobetzen joan da. Bastidore txiki batean lan egiten zuen hasieran, baina oihala tenkatuta egotea garrantzitsua denez, handiago bat hartu zuen geroago. Amaginarreba hil zenean, berak erabiltzen zuen aulkia hartu eta horregaz geratu zen lan egiteko: “Oso erosoa da”.
Dioenez, bera ez da artista, eskulangilea baino: “Arte Ederrak ikasi zituen lagun batek esan zidan behin, existitzen den zerbait kopiatzen dugunean artisautza dela, eta ez artea”.
Zuri-beltzean lan egitea gustatzen zaio; horrek ez du esan gura bi kolore erabiltzen dituenik. Zuri-beltzean egindako argazki batek 20 eta 25 kolore daramatza.
Eskulana ondo geratzeko argazkia handitu eta “argi ikustea” garrantzitsua da. Ez ditu estudioko argazkiak atsegin bere lanak egiteko: “Estudioko argazkia, argazkia bera da polita. Zerbait dioten argazkiak atsegin ditut, eta ez du merezi handiak izatea ere”. Materiala “ez da merkea”, eta Bermeon “oso zaila” da aurkitzea; “Iratxe mertzerian asko laguntzen didate”.
Seme-alabena lehena. Lehenengo argazkia bere seme-alabena izan zen, Jon eta Magalirena: “Zerbait desberdina zen niretzat, ez nuen ezagutzen horrelako eskulanik egiten zuen inor”. Hala, horregaz hasi eta ez da gelditu; tarte batean apur bat bazter utzi eta gauza errazagoetan ibili den arren. Hala ere, duela urte bat berriro ekinean hasi zen. “Uste dut berriro hasi nintzela erretratuekin nire alabaren lagun baten amari jarri zitzaion aurpegia ikusterakoan. Haren alabaren irudia ikusi eta emozio guztiagaz esan zidan barizelaren marka ere ikusten zitzaiola”. Erreakzio horren ondorioz konturatu zen, beharbada, posible zela bere lanagaz norbaiti poztasuna ematea.
Egindako lanak sare sozialetan erakusten hasi zen, eta azaldu duenez, arin hasi zen jendea bere lanarenganako interesa erakusten. Hurbilekoen eskariak hartzen baditu ere, berak bere lana dauka. Dioenez, askotan galdetzen diote zergatik ez duen afizioa bere lana bihurtzen, eta erantzuna argia dela dio: “Eskuz egindako lanek kobratu ezin daitekeen denbora daramate. Ez dago makinarik, eskuak eta begiak baino ez”.
Azken urte “arraro” honetan denbora gehiago eskaini ahal izan dio gustuko duen lan hori egiteari eta, modu horretan, jendeak gehiago ezagutu ahal izan du egiten duena. “Ez da lana, zaletasuna baino, ez naiz honetaz bizi eta”. Seme-alabak nagusiak izanda, lanetik etxera joan, hango beharrak egin, eta gero, “orduak eta orduak” igaro ahal ditu bere txokotxoan: “Ez naiz aspertzen”.
Seme-alaben lehenengo lana hilabete inguruan egin zuela gogoratzen du. Gaur egun mota horretako lan bat aste batean amaituta edukiko lukeela dio: “Lehen orratz bakarragaz lan egiten nuen, orain 20 edo 30 orratz desberdin dauzkat lana egiteko”.
Lana ondo geratzeko “garrantzitsua” da puntada guztiak alde berera joatea, bestela hariaren kolorea aldatu egiten da eta. Hariaren tentsioa beti bera izatea ere “oso garrantzitsua” dela dio. Dioenez, esperientziak trikimailu guztiak erakutsi dizkio.
Ez daude modan. Mota horretako eskulanak ez daude modan. Larrabasterren ustez, gazteek ez daukate interesik mota horretako eskulanetan, ezta bere belaunaldikoek ere: “Hori bai, harritu egiten dira norbaiten erretratua ikusten dutenean oihalean, hariz eginda”. Izan ere, jendeak bere lana gustukoa duela uste du. “Lanean erretiroa hartzen zuen bakoitzari argazki bat egiten hasi nintzen, orain ohiko moduan hartu dute”. Ingalaterrarako bi lan ere egin dituela dio: “Beste gauza batzuetarako molda gutxiago badaukate ere, uste dut gehiago baloratzen dutela eskuz egindako lanak”.
Desio bat ere badauka Larrabasterrek: “Gustatuko litzaidake urteak pasata, nire seme-alabak nagusiagoak direnean, konturatzea momenturen batean bere amak harro egiten zuela lan hori, eta gaur egun nire denbora ematen dudala egiten ditudan lan hauek belaunaldiz belaunaldi pasatzeko”. Berak egiten duen lana jende gehiagok egin dezan, gainera, prest dago jendeak gura duen argazki hori gurutze-puntuko eskemara bihurtzeko: “Asko gustatuko litzaidake jende gehiagok mota honetako gauzak egitea. Nire ahizpa orain hasi da”.
Mundu guztiak egin dezakeen gauza bat dela dio, eta jendea animatzen dut probatzera: “Milaka pieza duen puzzle baten modukoa da, baina ez da piezak non dauden bilatu behar, kasu honetan badakizu pieza bakoitza non jarri behar duzun, baina garrantzitsua da pieza bakoitza ondo jartzea”.
Erretratuak baino gehiago. Erretratoak bai, baina beste mota batzutako lanak ere egiten ditu; beste batzuren artean Aritzatxu hondartza dauka eginda. Gaur egun, berriz, Gaztelugatxeko San Juan egiten ari da, ohi baino tamaina handiago batean: “Inoiz ez nuen pentsatuko Gaztelugatxeko San Juan egingo nuenik. Ez nuen beste ezer esku artean, eta denbora gehiago emango zidan lan bat egin gura nuen. Bestela, aste bakoitzeko bat egiten dut, eta ez daukat lekurik denak jartzeko”. Aritzatxu eta Gaztelugatxeko San Juan, gainera, kolorean ditu: Aritzatxuk 80 kolore ditu eta Gaztelugatxek 34. Erretratuak atsegin baditu ere, mota horretako paisaiak egiten “gustura” dabil. “Zenbaitetan ondo dator kolorez aldatzea”.
Bere lanpostua izango ez balu, emakumeentzako tailer bat sortzea gustatuko litzaioke: “Emakume bakoitzak egiten dakiena egingo luke tailer horretan. Artista asko daude Bermeon, baina ez da ikusten”.