Parte hartze handia egon da Sagrado Corazon ikastetxeko baheketan
Sagrado Corazon ikastetxeko zuzendari Amaia Basterretxea "pozik" dago zapatuko parte hartzeagaz: "Errealitatearen argazki bat emango digu".
Ikasle, irakasle eta gainontzeko langileak kontuan hartuta, 900 pertsona inguru deituta zeuden proba egitera, zapatuan. Ikastetxeak emandako datuen arabera, irakasleen %100 joan zen PCR proba egitera. Ikasleei dagokienez, DBHkoen partaidetza izan zen handiena (%98,13). LHko ikasleen partaidetza %98,04koa izan zen, eta HHkoena, berriz, %93,47.
Sagrado Corazon ikastetxeko zuzendari Amaia Basterretxea “pozik” dago zapatuan izandako parte hartzeagaz: “Errealitatearen argazki bat emango digu, eta hortaz, pozik gaude gurasoen erantzunagaz”.
Oraindik, azken emaitzen zain daudela esan du; “48 orduko tartea ematen dutenez, ea gaurko denak ditugun eta biharko datu errealak dauzkagun esku artean”.
Barikuan, 12:30ak aldera jaso zuten Osakidetzaren deia, zapatuan ikastetxean baheketa egingo zutela esanez. “Kasuak aztertzen ari direla esan ziguten, eta egoki ikusten zuten ikastetxean baheketa bat egitea”, esan zuen zapatuan Amaia Basterretxeak.
09:00etan hasi ziren zapatuan PCR probak egiten, eta 21:45ean amaitu zuten.