Eako eta Gautegiz Arteagako udalen proiektu bana babestuko du Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak
Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarrirako tokiko 163 proiektu babestuko ditu 3,3 milioi eurorekin. Gautegiz-Arteagako Udalak Kantera Gorriaren eta Eako Udalak antzinako paper fabrikarako dauzkaten ingurumen-hobekuntzarako proiektuak diruz lagunduko dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2022ra arte garapen jasangarrirako ekintzak aurrera eramateko udalen eta toki-erakundeen 163 proiekturi laguntzeko konpromisoa hartu du, eta nabarmendu dituzten hamasei proiektuen artean Busturialdeko bi daude. 3,3 milioi euro bideratuko dituzte proiektu horiek babestera.
Lurzoruaren kalitatearen ikerketa xehatua, Eako Bidebarrieta paper fabrika zaharra lehengoratuko du Eako Udalak. Lurzoru kutsatuen, klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen jarduketak biltzen dituen ekintza global baten barruan dagoen proiektua da, eta bisoi europarra babesten duen ibai-korridore batean garatzen da.
Bestalde, Kantera Gorriaren (Ereño) ingurumen-hobekuntzarako Gautegiz-Arteagako Udalak daukan proiektua diruz lagunduko dute. Interes geologikoko leku horretan, eragiten dioten mehatxu nagusiei aurre egingo zaie: espezie exotiko inbaditzaileen eta kontrolik gabeko isurketen (obra-hondakina…) ondoriozko ingurune-degradazioa.
115 erakunde onuradun. Proiektu horiek udalek, mankomunitateek, tokiko garapen-agentziek eta beste toki-erakunde batzuek garatuko dituzte. Horietatik 67 Gipuzkoan egingo dira, 64 Bizkaian, eta 32 Araban. Guztira, 115 erakunde izango dira onuradunak, eta horietatik 17k lehen aldiz parte hartzen dute programa honen barruan dirulaguntza eskatuz. Zehaztu dute laguntzen “guztizko kopurua apur bat handitu” dutela aurreko urtearen aldean.
Proiektuok lehentasuneko bost jardun-eremutan gauzatuko direla esan dute: klima-ekintza, ekonomia zirkularra, lurzoru kutsatuak, natura-ondarea eta jasangarritasunaren aldeko hezkuntza. “Klima-ekintzaren ildoari jarraikiz, diruz lagundutako proiektuekin 7.900 tona CO2 murriztea lortuko da, eta 22.300 tona CO2 atzematea, 39 lur-hektarea baino gehiago landatzeari eta basoberritzeari esker”.
Jarduketa-lerro honen proiektuek, halaber, 7 km-ko bidegorria eta 403 aparkaleku egitea aurreikusten dute, udalerrien barruko trafikoa saihesteko, eta 5 ibilgailu elektriko berri erostea udal-flotentzat.
Besteak beste, 19 udalerrik klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketari egokitzeko planak egingo dituzte, eta neurriak abian jarriko dituzte, lurraldearen erresilientzia handituz klimaren inpaktu negatiboei aurre egiteko. Aurten, gainera, karbono-hustubideei lotutako beste lerro bat garatu da, karbono bidezko neutraltasun-helburu markatuak lortzeko ezinbestekoa dena.
Ekonomia zirkularraren proiektuen bidez, gaikako bilketa handitu eta errefus-hondakinen sorrera murriztu nahi dute: aurreikusten da urtean 7.260 tona errefus-hondakin gutxiago biltzea eta 5.790 tona artekoa izatea biohondakinen gaikako bilketa hondakin organikoei dagokienez.
Dirulaguntza jaso duten beste jarduketa batzuek helburu hauek dituzte: 19 konposterako instalaziotan kontrol analitikoak garatzea konpostatutako materialen kalitatea zehazteko; udalerrien garbiketa-zerbitzuetarako 400 m3 arte ur berrerabiltzea; ia 1.560 enpresarekiko prestakuntza-ekintzak egitea; hondakinen arloko 2 ordenantza fiskal lantzea ekonomia zirkularraren irizpideen arabera; zuntz-zementuaren inbentarioa egitea; eta udalerrietan ekonomia zirkularrarekin lotuta etorkizunean egin beharreko jarduketak diseinatzeko azterlan bat egitea.
Lurzoru kutsatuei dagokienez, diruz lagundutako jarduketak bideratuta daude 60.500 m2-tik gorako guztizko azalera aztertzera; 74.100 m2-ko azalera globala osatzen duten areak berreskuratzera; eta lurren 85.640 m2-ri ingurumen-jarraipena eta -kontrola egitera.
Natura-ondarearen lerroaren proiektuek intereseko habitaten 84 hektarea baino gehiago kontserbatzea, leheneratzea eta hobetzea sustatzen dute, baita ingurumena berreskuratzeko jarduketak egingo diren 11,6 hektareako lurrak erostea ere, eta Natura 2000 Sareko 102 hektareatan jardutea. Ekintza horietako asko ahulak diren fauna-taldeei zuzenduta daude –kiropteroei edo anfibioei, esaterako–, 15 hezegune hobetuz eta leheneratuz, eta ehun babes natural nahiz artifizial baino gehiago antolatuz eta egokituz.
Bestalde, diruz lagundutako proiektuek landaredia biziberritzen eta hondakin solidoak garbitzen lagunduko dute Urola, Oria eta Arakil ibaietako ibai-ibilguetako 12 kilometro baino gehiagotan.
Jasangarritasunaren aldeko hezkuntzaren ildoari buruzko datuak ere eman dituzte. 76 udalekin eta 319 ikastetxerekin lankidetzan ari dira, eta 173.700 ikasle baino gehiago inplikatzen ditu eremu desberdinetan: klima-aldaketan, elikadura jasangarrian, plastikoaren erabileraren murrizketan, ekonomia zirkularrean eta hondakinetan.