Bermeok eta Gernika-Lumok gune gorrian segitzen dute
Bermeon goraka segitzen du intzidentzia tasak; 1028,98an dago. Gernika-Lumon, ostera, beherako bideari eusten dio, eta 606,85ean dago. Azken hiru egunetan 53 positibo zenbatu dituzte Busturialdeko bost udalerritan. Gehienak Bermeokoak dira: 40.
Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratutako txostenaren arabera, aurreko hiru egunetan, 53 positibo zenbatu dituzte Busturialdean: 40 Bermeon, Gernika-Lumon 7, Muxikan 3, Mundakan 2 eta Busturian 1.
Bermeo eta Gernika-Lumo daude gune gorrian. Bermeon goraka segitzen du intzidentzia tasak; 1028,98an dago. Gernika-Lumon, ostera, beherako bideari eusten dio, eta 606,85ean dago.
Erkidegoko datuak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 10.687 test diagnostiko egin zituzten atzo, eta, horietatik, 621 positiboak izan ziren: 56 Araban, 371 Bizkaian, 188 Gipuzkoan eta 6 autonomia erkidegkotik kanpo bizi diren pertsonetan. Ondorioz, positibotasun tasa % 5,8ra jaitsi da.
Lurraldekako intzidentzia tasa metatuari dagokionez, Araban eta Gipuzkoan 600 kasu baino gutxiago daude 100.00 biztanleko 14 egunetan. Araban 594,47koa da tasa eta Gipuzkoan 565,75,ekoa. Bizkaiak, berriz, 657,42 kasuko tasa metatua dauka.
COVID-19agatik 737 pertsona zeuden ospitaleratuta atzo. Zainketa intentsiboetako unitateetako egorak kezkatzen du Osasun Saila. COVIDa duten 164 pertsona zeuden ZIUn atzo.
Hezkuntzan eragina. Eusko Jaurlaritzak Koronabirusak gaur gaurkoz hezkuntza zentroetan daukan eraginari buruzko datuan eguneratu ditu gaur. Haren arabera, erkidegoko 140 ikastetxetan 250 ikasgela daude itxita. Zehaztu dute 2020-2021 ikasturtean, Euskal Hezkuntza Sistemak 17.554 ikasgela dituela guztira (2 urtetik unibertsitatez kanpoko derrigorrezko hezkuntza ondoko mailetaraino), eta itxitako ikasgelen kopurua ikasgela guztien % 1,42 dela.
Aldundiaren adineko pertsonentzako egoitzak. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak bi egunetik behin ematen du adineko pertsonentzako egoitza-zentroen sareko egoeraren berri.
Gaurko datuen arabera, momentu honetan, Bizkaiko hamahiru egoitzatan daude gaixotutako egoiliarrak. Horietako bat da Gernika-Lumoko Kaltzada egoitza; gaur gaurkoz bederatzi egoilar daude positibo emanda.
Bizkaian, guztira, 51 dira positiboa baieztatua duten egoitzako erabiltzaileak, eta 27 egoilar daude ospitaleratuta.
Halaber, 110 langile daude positibo emanda, eta beste 63 isolatuta daude COVID-19a baieztatu gabe.