PCR pobak egiten ari dira Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxean
Ikasle, irakasle eta gainontzeko langileak kontuan hartuta, 900 pertsona inguru deituta daude proba egitera. 09:00etan hasi dira PCRak egiten eta 21:00ak arte egongo dira.
Goizean goiz hasi dira Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxeko ikasle, irakasle eta gainontzeko langileak ikastetxera hurbiltzen. Egun guztian ariko dira PCR probak egiten, 09:00etan hasi dira eta 21:00ak arte egongo dira. Bermeoko Herri Babesako boluntarioen laguntza daukate, gainera, txandak eta segurtasun eta higiene neurriak betetzen direla bermatzeko.
Ikastetxeko zuzendari Amaia Basterretxeak azaldu duenez, 900 pertsona inguru deituta daude proba egitera: 800 ikasle inguru daude ikastetxean eta irakasle eta langileen artean 100 inguru dira. Derrigorrezkoa ez bada ere, ahalik-eta parte hartze handiena egotea espero du zuzendariak. Eguerdira arte, erantzuna ona izan dela esan du.
Orduka antolatuta daukate, hau da, klase bakoitzak ordu bat dauka proba egiteko. Pilaketak ekidin asmoz, orduak “errespetatzea” eskatu dute.
Atzo, 12:30ak aldera jaso zuten Osakidetzaren deia, gaur ikastetxean baheketa egingo zutela esanez. “Kasuak aztertzen ari direla esan ziguten, eta egoki ikusten zuten baheketa bat egitea”, dio zuzendariak.
Dioenez, Gabonetako oprraldiaren ostean LH5. mailako hiru gela zarratuta izan dituzte, eta orain horrek bueltan daude eta beste bi gela daude zarratuta. Herrian zabalduta dauden zurrumurruei buruz dio, ikastatetxeak ez diola Eusko Jaurlaritzari eskatu zentroa zarratzeko: “Gu egunero Osakidetzagaz harremanetan egon gara eta eurak esandako neurri guztiak hartu ditugu. Guk informazioa pasatzen dugu eta eurak aztertu egiten dute. Egia da kasuek goraka egin dutela Gabonak eta gero, hori dela eta, ondo aztertzeko esan genien; beharrezkoa baldin bazen, neurri zorrotzagoak hartzeko. Baina ez dugu ikastetxea zarratzeko eskatu, ez dugu uste egoera horren aurrean gaudenik”.