Zumaiatik Lekeitiora egingo dituzte udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak
Ekainaren 28tik uztailaren 4ra Zumaiatik Lekeitiorako bidea egingo dute gazteek. UEMAk izena emateko epea zabaldu du, eta martxoaren 31a arte izena eman daiteke.
Udalerri euskaldunetako gazteentzako aurtengo Salto topaketak ekainaren 28tik uztailaren 4ra izango dira. Aurten ere ibiltaria izango da ekimena, eta Zumaiatik Lekeitiorako bidea egingo dute gazteek. Lau etapa egingo dituzte. 1. etapa Zumaia eta Itziar artekoa izango da (ekainak 28). 2. etapa Itziarrren hasi eta Ondarroan amaituko dute (ekainak 29-30). 3. etapan Ondarroatik Lekeitiora joango dira (uztailak 1, 2 eta 3), eta azken etapan Lekeitiotik etxera (uztailak 4).
Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da topaketen helburua.
Iaz, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zituzten topaketak. Aurten egin ahal izatea espero dute, eta UEMAk zabaldu du dagoeneko izena emateko epea. Martxoaren 31 arte izena eman daiteke. Horretarako 943- 81 66 99 telefono zenbakira deitu, datuak posta elektronikoz hezkuntza@uema.eus helbidera bidali edo www.uema.eus web orrialdean dagoen estekan datuak bete behar dira.
14 eta 18 urte arteko 50 gaztek parte hartu ahalko dute: “Kopurua gainditzen bada, lurraldetasuna, genero irizpidea, eta izena emateko ordena hartuko da kontuan taldea osatzeko”, azaldu dute arduradunek. Eskualdeko bost udalerri dauden UEMAn: Ajangiz, Bermeo, Busturia, Ea eta Muxika. Beraz, udalerri horietako gazteek parte hartu dezakete.
UEMAren jarduna. Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan: “Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua”.
Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau “erakargarriagaz” (kantaldiak, kontzertuak, jolasak, solasaldiak…), gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi dituzte urteroko topaketa hauekin.