Rock and rollaren aldarria
Dientes de Lunak ‘Marea’ izeneko kantu berria kaleratu du, rock and rollaren izaera mantenduz. Zuzenekoak eman gura dituzte, baina egungo egoerak asko zailtzen du. Gaur gaurkoz, kontzertuak ematearen aldeko apustua egin dute, eta otsailaren 19an Zornotzan egongo dira. Duintasunez eta pasioz, musikaren alde egiten jarraituko dute.
“Uretan lehertzen den aldarri zuzena da. Etengabeko aldaketa. Naturala. Haurtzaroan pentsatzea dakarrena. Marea oinez egitea da”. Horrela deskribatu dute Dientes de Luna taldeko musikariek euren abesti berria: Marea.
Rocka eta rock estiloaren izaera oinarri hartuta kaleratu dute. Momentu eta garaian garaiko joerek ez dituztela aldatuko dio Aimar Cidek, eta rockaren esentzia berretsi du Lander Egiak: “Marea uretan lehertzen den aldarri zuzena da. Biluzik. Apaingarri barik. Ez gara modan egongo, garena gara”. Amaiur Zugadik, berriz, Marea etengabeko aldaketa dela dio, “arimak koherentziaz proiektatu nahi dituena”.
Musika eta rockaerekiko pasioa daukate denek ala denek, eta ibilbide horretan aurrera egiteko gogoa azpimarratu du Gorka Etxeberriak. “Oinez egitea da. Batzuetan ezinbestekoa suertatzen zaigu atzera joatea gero aurrera egiteko. Baina Mareak etorriko denari buruzko pistak ematen ditu”, dio. Unai Bilbaori, bestalde, haurtzaroko oroitzapenak dakarzkio gogora abesti berriak: “Melodia eta doinuek hainbeste faltan botatzen eta behar dugun ‘rollo’ ona transmititzen didate”.
Musikaren bideak ez direla prozesu neoliberalen gidaritzapean egon behar uste dute taldeko kideek, eta horrek gaur egungo egoeran “ezinezkoa” dirudiela diote. “Internetaren aro honek kontsumo hutsala bultzatzen du hein handi batean, baina guk ezin dugu parte hartu horretan”, azaldu dute, eta euren pentsaeragaz bat zetorren jarrera izan dute. Izan ere, diskorik ez dute kaleratu pandemia garaian. “Aukera izan dugu gauzak publikatzeko, asko sortu dugulako. Baina zelan edo halan ezin genituela kantuak kaleratu pentsatu dugu, ezin ginela egoeraz aprobetxatu”, azaldu du Cid taldeko abeslariak.
Musikak bere lekua du herritarren artean, oso garrantzitsua da pertsonen bizitzetan. “Arteak errespetu bat merezi duela uste dugu. Ehunka kontzertu geratu dira bertan behera, eta beste horrenbeste egin dira baldintza txarretan. Milaka profesional lan egin ezinik dabiltza. Eta egoera horretan abantaila bilatu gura izan dutenak egon dira. Guk, baina, ez dugu ulertzen kultura era horretan desitxuratzea”, azaldu dute.
Dientes de Lunakoek ez dute musika lanbidetzat. Egiten dutenarekiko “pasioa eta maitasuna” daukate, “baina ez edozein preziotan”. Hala, kantak banan-banan kaleratzea erabaki dute, eta lehenengoa entzungai dago dagoenerako.
Rock and rolla
Musikarekiko eta entzuleekiko errespetua bultzatzea bilatu dute Marea-gaz. Euren pentsaeragaz bat etorri dira, eta kantu bat plazaratu dute, rockari erreferentzia eginez: “Jendea dela rock and rollaren marea esan gura izan dugu. Musikak gero eta abaniko zabalagoa du. Musika mota desberdin asko entzun daitezke gaur egun, baina ematen du rock and rolla ahazten hasi garela. Guretzako rock and rolla ez da bakarrik musika, bizitzeko era bat da, eta bizitzeko modu hori ahazten gaudela pentsatzen dut. Hortik doa kritika”. Hala ere, rocka “ez dela hilko” argi dauka Cidek.
Ez da ohiko urtea izango Dientes de Lunakoentzat. Konfinamenduan entseatzeko batzen ziren, eta gordeta dituzte lan horren emaitza diren kantuak. “Kanta horietako ideiak aspalditik ditugu landuta. Lehenago ere publikatzeko aukera izan dugu, baina atzera bota gaitu egoerak eta musika eta kulturarekiko errespetuak”. Horiek, baina, apurka-apurka joango dira kaleratzen. Singlelez betetako urtea izango dela diote, bihotzak markatutakoa: “Batzuetan buruak gauza bat esaten du, eta beste batzuetan bihotza da zer egin behar den esaten duena. Kasu honetan, bederatzi hilabete egon gara buruagaz pentsatzen, eta argi dugu bihotzak eskatzen digunean argitaratuko ditugula kantu berriak”.
Kantuak ezustekoekin etorriko dira. “Francisegaz egon gara. Rock and rollaren munduan dagoen eta guk ezagutzen dugun jendeagaz batu gara, eta ezustekoak prestatu ditugu. Kantuak oso landuta daude, eta uste dugu jendeari asko gustatuko zaizkiola”, azaldu du Cidek. Pozik daude egindakoagaz, eta kantuak gordeta izatea “gogorra” den arren, merezi duela uste dute.
Kontzertuak, kolokan
Bederatzi hilabete agertokiak zapaldu barik egon eta gero, urtarrilean oholtzara bueltatu ziren Sopelan. Buelta hori “arraroa” izan zen, “urduri” baitzeuden, “lehenengo kontzertua izango balitz bezala”.
Baina argi zeukaten egin beharrekoa zer zen. «Hilabete hauetan garrantzi asko eman diogu errespetuari. Zer nahi dugun, zer den guretzako musika eta zer ematen digun musikak aztertu dugu. Gainera, pandemia egoeran kontzertu asko ikusi eta bizi izan ditugu, eta asko ikasten da horretatik». Egoerara moldatu direla azpimarratu dute. Ez dela gauza bera antzerki edo areto batean jotzea edota jai batzuetan aritzea dio Cidek: “Areto batean ikusleak jesarrita eta maskarekin daudela aritzea edota edozein herritako jaietan goizaldean jotzea guztiz desberdina da. Zentzu horretan, oso polita izan zen kontzertua, arraroa, baina ondo prestatuta geneukan. Egoerarako prestatuta geunden”.
Hala ere, ezin izan dute kontzertu gehiago eman, egungo egoerak agertokietara igotzea zailtzen duelako. Egunerokotasunaren menpe daude zuzenekoak, asko dira azken orduan bertan behera geratzen direnak. “Prestatutako guztia bat-batean alde batera utzi behar dugu”, kontatu dute taldekideek. “Datorren astean joko dugun ere ez dakigu askotan”.
Hala, aretoak hartzen dituzte, eta jendeak erabakitzen du sarrerak erosi edo ez: “Zalantza asko izaten dituzte, ez dakitelako arauak egun batetik bestera aldatuko diren edo ez. Ez da erraza. Joko dugun edo ez erabakitzea ez da erraza”.
Kontzertuak ematea ez da “beharrizan” bat eurentzat, benetan gustatzen zaielako egiten baitute. Baina ez dela erraza entseatzea, kontzertuak behar bezala prestatzea, jendearengana heltzea eta leku egokia aukeratzea diote. Etorkizuna ere, halakoa izango da. Gaur gaurkoz, kontzertuak ematearen aldeko apustua egin dute, eta otsailaren 19an Zornotzan egongo dira. Duintasunez eta pasioz, musikaren alde egiten jarraituko dute.