Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketa egingo dute Bizkaian, 2022an
Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketa hamar egunez egingo dute eta Urdaibain edukiko ditu zirkuituaren zati batzuk. Sei modalitateko Europako txapelketa hauek osatuko dute: duatloia, duatloi krosa, akuatloia, triatloi krosa, distantzia erdiko triatloia eta aquabike. Bestalde, Distantzia Erdiko Espainiako Triatloi Txapelketa egingo dute aurten.
2022an Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketa egingo dute Bizkaian. Sei modalitateko Europako txapelketa hauek osatuko dute: duatloia, duatloi krosa, akuatloia, triatloi krosa, distantzia erdiko triatloia eta aquabike.
Eliteen kategorian zein adin-taldeen kategorian egongo dira jokoan Europako tituluak. Paratriatletek ere parte hartuko dute, batzorde antolatzaileak eta Espainiako Triatloi Federazioak “inklusioarekiko duten konpromisoaren baitan”. Txapelketaren aurkezpenean data zehatzik eman ez badute ere, iragarri dute hamar egunez egingo dutela txapelketa, Bizkaiko hainbat lekutan zehar, eta tartean, Urdaibai egongo da.
Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketa kirol-ekitaldi bat baino gehiago dela azpimarratu dute sustatzaileek. Kirolak osatzen duen ardatz nagusitik abiatuta, “ekitaldi global honek” funtsezko bost oinarri ditu: kirola, turismoa, kultura, gastronomia eta jasangarritasuna.
Gutxienez 30 herrialdetatik etorritako 3.000 kirolari eta 5.000 laguntzaile baino gehiago batuko ditu Bizkaian. Tokiko ekonomian 10 milioi euroko eragin ekonomikoa sortzea espero dutela zehaztu dute.
Espainiako eta Euskadiko Triatloi Federazioek Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bilboko Udalarekin batera egin nahi duten bideari hasiera eman diote, eta datozen urteetan Bilbo Bizkaia triatloiaren munduko erreferente bihurtu nahi dute.
Proiektu osoa ingurumenarekiko jasangarritasunean oinarrituko dela, eta txapelketa honek aukera kultural, gastronomiko eta turistiko zabala eskainiko duela esan dute.
“Herri honen balio tradizionalak kirolarekin eta ingurunearekin uztartuko dira, ardatz natural hauek oinarri hartuta: kostaldea, itsasadarra, mendiak eta parke naturalak. Hiru ardatz horietan paisaien aniztasuna eta edertasuna islatzen da, izan ere, zaila izaten da paisaia horiek bata bestearengandik hain hurbil ikustea. Ardatz horien bidez, eta lurraldeko hiriburua den Bilborekin batera, Bizkaiko historia eta nortasuna ulertzeko eta ezagutzeko aukera izango dute”, azaldu dute.
Jose Hidalgo Espainiako Triatloi Federazioko presidentearen ustez, “Bilbao Bizkaia Triatloi kirol-proiektu bat baino gehiago” izango da: “Ekonomia, ostalaritza eta turismoa dinamizatzeko ekitaldi bat izatea nahi dugu eta, ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin konprometitutako erakundea garen aldetik, baita jardunbide egokien erreferentea ere. Funtsezko arlo horrekin daukagun konpromisoagatik, etorkizunean erreferentea izan nahi dugu Europako eta mundu osoko antolatzaileentzat”. Hain zuzen ere, Europako Kirol Anitzeko Triatloi Txapelketa honi esker, “Bizkaia eta bere altxor naturalak Europako triatloiaren erreferente” bilakatuko direla nabarmendu du .
Bestalde, Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko foru diputatuaren berbetan, lankidetza giltzarria da: “Hainbeste erakunderen konpromisoa eta lankidetza gabe, ezingo genuke halako tamainako hitzordu bat egin. Handia da, zehazki, haren iraupenagatik eta lokalizazio ugarirengatik, bai eta parte-hartzaileen zein bisitarien kopuruagatik eta lurraldearentzat izango duen proiekzioagatik ere. Gainera, turismoaren sektorearentzat aurrera begirako optimismo-mezu bat da, sektorea bereziki jasaten ari baita pandemiaren ondorioak”.
2022ko txapelketa hori aurkezteagaz batera, iragarri dute Distantzia Erdiko Espainiako Triatloi Txapelketa egingo dute aurten.