Gernika-Lumoko hiribildua sortu zen guneari buruzko informazio panelak jarri dituzte Urbietan
Ekimenagaz, udalerriko ondare historikoari "balioa" eman gura izan diote, Jose Maria Gorroño alkateak azaldu duenez.
Gernika-Lumoko Udalak lau informazio panel jarri ditu Urbietan, “ondare historiko eta naturalaren aberastasuna ezagutarazteko”. Izan ere, inguru horretan sortu zen foru hiribildua.
Urbieta inguruan dagoen Idigako aparkalekuaren ondoan, itsasadar hegalean ezarritako lau adierazleek ontzi hondarreko parkeari, meandroko landareriari, 1998an aurkitutako Erdi Aroko itsasontziari eta 1051n Gernikan zegoen portuari buruzko informazioa eskaintzen dute.
Ekimenagaz, udalerriko ondare historikoari “balioa” eman gura izan diotela azaldu du Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak: “Udalak herriari eta udalerriko elementu esanguratsuenen berezitasunei buruzko informazioa ematen jarraitu nahi du, baita biztanleriaren ondare historikoari balioa eman ere”.
Udalerriko historia. Ontzi hondarreko parkeko panel batek azaltzen duenez, parkea hiru hektareako eremu naturala da, zuhaitz, zuhaixka eta landare espezie ugari dituen lorategiez osatutakoa. Enklabe horretan hasi zen Gernika hiribildu gisa. Mareak inguruenan duen eragina eta zikloek uzten duten dibertsitate naturala ikusteko leku aproposa ere bada.
Eremu natural horretan Bizkaiko basoetan ohikoak diren zuhaitz eta zuhaixka espezieak daudela azaltzen du meandroko landareei buruzko panelak. Batzuk gizakiak landatutakoak direla dio, eta beste batzuk, noizbehinka agertzen direla: “Ibai eta errekak inguratzen dituzten haltzadi sahastiak nabarmentzen dira”.
Gernika-Lumok portua zuela ere azaltzen du beste informazio panel batek. Dioenez, 1051tik aurrera portua zegoen herrian. “Kokapen bikaina zuen, Durango eta Bermeo arteko merkataritza ardatzean baitzegoen. Eskualdeko burdinolak hornitzeko Gaztelako artileen eta burdin mineralaren garraioari esker hartu zuen garrantzia”, zehaztu dute. Egurrezko kai xume bat zuen, aldapekin, salgaien zamalanak gauzatzeko. Halaber, zabalgune batean produktuak uzteko lekua zuen, baita horiek pisatu eta zergak kobratzeko errenta etxe bat ere.
Hain zuzen, 1998an, itsasadarrean egindako obra batzuetan, Erdi Aroko portua izan zenaren inguruan 1450 eta 1460. urteen artean datatutako ontzi baten hondarrak agertu zirela dio laugarren panelak; lau metroko sakoneran lokatzetan lurperatuta aurkitu zuten haritzez eta pago egurrez egindako pinaza motako ontzia.
Ekimen horrek bat egiten du 2018an udalak osatu zuen Memoriaren Ibilbideagaz. Hura Gernikako bonbardaketaren 11 puntu esanguratsuenak ezagutzeko ibilbidea da, bizirik atera zirenen testigantzak eta argazkiak biltzen dituena. Memoriaren Ibilbideak hiru bide jorratzen ditu: ikerketa historikoa, bonbardaketaren lekukoen testigantzak eta bonbardaketaren aurretik udalerria zelakoa zen ikusteko aukera QR bidez.