Gautegiz Arteaga gune gorritik atera da
Bermeo eta Gernika-Lumo dira gune gorrian segitzen duten Busturialdeko udalerriak. Bermeok dauka tasarik altuena; azken zazpi egunetan 86 positibo egon dira, eta 981,67ko intzidentzia tasa dauka. Gernika-Lumon 838,89koa da tasa, eta 49 positibo zenbatu dituzte azken zazpi egunetan.
Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratutako txostenaren arabera, Bermeok eta Gernika-Lumok gune gorrian segituko dute gutxienez martitzenera arte, eta Gautegiz Arteaga gune horretatik atera denez, bihartik aurrera ostalaritza establezimentuak zabalik egongo dira bertan. Azken zazpi egunetan ez da positiborik zenbatu Gautegiz Arteagan.
Busturialdean Bermeo da tasarik altuena daukana. Azken zazpi egunetan 86 positibo egon dira, eta 981,67ko intzidentzia tasa dauka. Gernika-Lumon 838,89koa da tasa, eta 49 positibo zenbatu dituzte azken zazpi egunetan.
Gaurko datuen arabera, Busturialdean 19 kasu positibo egon ziren atzo: Bermeon 13, Gernika-Lumon 3 eta Morgan, Mundakan eta Muxikan bana.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuei dagokienez, Osasun Sailak jakitera eman duenez, 15.083 proba egin zituzten atzo (herenegun baino 1.509 gutxiago), eta horietatik 1.020k positibo eman zuten. Hortaz, kutsatze tasa % 6,8koa da.
Hamalau eguneko intzidentzia tasa metatuak “bilakaera positiboa” eduki du autonomia erkidegoan: martitzeneko 100.000 biztanleko 668,4 kasutik atzoko 664,1era pasatu da. Adierazle hori jaitsi egin da Bizkaian (709,8tik 703ra) eta Araban (663,2tik 653,5era). Gipuzkoan, ordea, intzidentzia metatua 584,2 kasutik 587,1era igo da.
Halaber, ospitaleetako presioa “arindu” egin da aurreko egunekin koparatuta. Izan ere, eguazten honetan 729 pertsona zeuden ospitaleratuta, martitzenean baino 17 gutxiago.
Zainketa intentsiboetako unitateetan 156 gaixo larri zeuden atzo (aurreko egunean baino pertsona bat gehiago) eta gela arruntetan, 573 gaixo (aurreko egunean baino 18 gutxiago).
Bestalde, pandemiak hezkuntzan daukan eraginari buruzko azken datuak ere eman ditu jaurlaritzak gaur. Datu ofizial horien arabera, “handitu” egin da erkidegoko hezkuntza-sarean COVID-19k duen eragina. Atzo 233 gela zeuden itxita koronabirus kasuengatik, hau da, bi urtetik unibertsitatez kanpoko 17.554 eskolen % 1,33. Koronabirus kasuren bat izan duten ikastetxeen kopurua 129koa zen atzo.
Kaltzada egoitza. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak gaur emandako datuen arabera, Gernika-Lumoko Kaltzada egoitzan 13 egoilar zeuden COVID-19agaz atzo.
Bizkaiko egoitzetan 80 egoilar zeuden positibo emanda atzo, eta beste 40 ospitaleratuta. Azken orduetan, egoitzetako hiru egoilar hil dira.
Bestalde, positibo emandako 179 langile zenbatu zituzten atzo, eta beste 73 zeuden isolatuta.