Busturiko EH Bilduk herri batzarra deitu du bihar arratsalderako
Parte hartu gura dutenek busturia@ehbildu.eus helbide elektronikora mezu bat bidali beharko dute; izan ere, bilerara batzeko lotura bat jaso beharko dute parte hartzaileek.
Busturiko EH Bilduk herri batzarra deitu du biharko. Bilera aurrez aurre egin gura bazuten ere, egoerak behartuta “ez da posible” eta, horrenbestez, batzarra modu telematikoan egingo dutela jakitera eman dute koalizioko kideek. 19:00etarako jarri dute ordua.
Alde batetik, EH Bildu II. Kongresua prestatzen hasi da, eta beste alde batetik, 10. urteurrena ere hor dagoela aipatu dute. Horretarako, maiatzera bitartean dinamika deberdinak jorratuko dituzte.
Lehenik eta behin, herriz herri aurkeztuko dituzte dinamika horiek. Era berean, Busturiko EH Bilduko ordezkariek azaldu dutenez, dokumentazioa, epeak, protokoloak, prozedurak… aurkeztuko dituzte biharko bileran, kongresuan parte hartu ahal izateko.
EH Bilduren plataformaren bidez egingo dute bilera telematikoa. Parte hartu gura dutenek busturia@ehbildu.eus helbide elektronikora mezu bat bidali beharko dute; izan ere, bilerara batzeko lotura bat jaso beharko dute parte hartzaileek.
Parte hartzeko eskaera. EH Bilduren II. Kongresua urtarrilaren 16an egin zuten ohiko batzar nazionalagaz abiatu zen, eta maiatzean amaituko da, zuzendaritza berria aukeratu ondoren.
II. Kongresuaren aurkezpenean Onintze Oleaga udal politikako arduradunak nabarmendu zuen bigarren kongresua baliatu gura dutela “nondik datozen eta zer egin gura duten adierazteko”. Jauzi bat egiteko erabili gura dute kongresua, “azken boladan izan duten hazteko joera indartzeko”. Horretarako, baina, esan zuen beharrezkoa dutela EH Bilduren proiektuagaz bat egiten duten milaka herritarren parte hartzea eta ekarpena.
Orain arte, elkarrekin.ehbildu.eus plataforman izena emanda egotea nahikoa zen EH Bilduren erabakiguneetan parte hartzeko. Kongresurako, berriz, bilkide izatea, afiliatua izatea, ezinbestekoa da.