Maezturen obra, Guggenheim museora
Gustavo Maezturen 'Lirica y religion' izeneko koadroa Bilboko Guggenheim museoko 'Bilbo eta pintura' erakusketa berrian ikusi ahalko da abuztuaren 29ra bitartean.
Gernika-Lumoko Batzarretxean ikusgai egoten den Gustavo Maezturen Lirica y religion izeneko koadroa Bilboko Guggenheim museoari utzi diote Bizkaiko Batzar Nagusiek. Hain zuzen, museoak antolatu duen Bilbo eta pintura erakusketa berrian ikusi ahalko da abuztuaren 29ra bitartean.
Bermeon 1870eko apirilaren 20an 225 euskal eta kantabriar marinel hondatu zituen ekaitza dakar gogora Maezturen obrak. Lan horregaz batera, XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera artean Bilboko hirigintza, industria eta gizarte eraldaketa irudikatzen duten “formatu eta kalitate handiko” 28 obra ageri dira erakusketan.
Sarrera bat igaroz, hiru gelatan banatutako erakusketa da Guggenheim museoan ikus daitekeena. Sarreran XIX.mendeko argazkiak ikus daitezke eta lehenengo erakusgelan Bilboko gizarte eta hiria irudikatzen duten margolanak kokatu dituzte. Bigarrenean, itsasoari eta mendiari erreferentzia egiten dizkiotenak daude, tartean Maezturena. Bertan dago baita ere Agustin Ibarrolaren Totem lana, baserritarraren tresneria eskulturetan erakusten duena. Hirugarren aretoak folklorearen ikuspegi etnografikoa eskaintzen du, zeinetan artistek, euren lanen bidez, elizateetako euskal dantzen eta dantzaren munduaren sinbologia dokumentatzen duten.
