Banda zabala Bizkaia osora zabaltzeko lanak hasiko ditu aldundiak
10 milioi euroko inbertsioa eginda, Bizkaiko 7.621 ataitara hedatuko du zuntz optikoaren sarea . Aurten hasiko dira lanekin Busturialdean; Bermeo eta Busturian egingo dituzte lanak.
Interneterako abiadura handiko konexiorik ez duten eta eremu zurietan dauden etxebizitzetara zuntz optikoa zabaltzeko lanak hasiko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak astelehenean. Hain zuzen, lurraldeko 7.621 ataritara –8.190 etxebizitza– zabaldu gura dute zuntz optikoa.
Eremu zuriak telefonia-operadoreek teknologia hori hedatzea aurreikusten ez duten abiadura handiko Interneteko estaldurarik gabeko guneak dira. Hori horrela, gune zurietan dauden eta abiadura handiko konexioak ez duten Bizkaiko etxebizitza eta negozio guztiei zuntz optikoa eramateko hamar milioi euro inguruko inbertsioa egin du aldundiak dirulaguntza baten bidez. “Dirulaguntza horren bidez zuntz optikoa zabaltzeko beharrezkoak diren lanen kostuaren %90 ordaintzen da”, azaldu du Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak.
Guztira 602 jarduera eremutan ezarriko da zuntz optikoa. Rementeriak zehaztu duenez, lan horiek %100ean amaituko dira aurten Enkarterri, Arratia, Mungialdea eta Uribe Kosta eskualdeetan. Halaber, 2021ean Busturialdeko eta Durangaldeko herri batzuetan zuntz optikoa zabaltzeko lanak hasiko dira, eta lan horiek guztiak 2022an bukatuko dira; Bermeon eta Busturian egingo dituzte lehenengo lanak eskualdean. 2022an, berriz, zuntz optikoaren sarea osatuko da Busturialdeko eta Lea-Artibaiko beste etxebizitza sakabanatuetan.
Hain zuzen, Bermeoko Almika auzoko bizilagunak behin baino gehiagotan kexatu izan dira Interneteko konexioaz. Banda zabalik barik eguneroko bizitzan “zailtasunak” izaten dituztela azaldu zuten iaz, izan ere, zailtasun horiek areagotu egin ziren konfinamendu garaian. Telelanerako edota ikasleak eskolak jarraitzeko arazoak zituzten, konexioak mozten zitzaizkielako. Almika auzoko alkate Joseba Ugaldek azaldu zuenez, ateak jo izan dituzte erakunde guztietan, eta telefonia enpresetara ere hainbat dei egin eta mezu bidali dituzte. Besteren artean, Nabarnizko Udalak ere zuntz optikoaren sarea hedatzeko eskaera egin du behin baino gehiagotan. Eskaera horiek erantzuna izango dute datozen urteetan.
Bi fasetan aurreikusitako hedapena
- 2021: Enkarterri, Arratia, Mungialdea, Uribe Kosta, Busturialdea eta Durangaldeko 50 udalerritako 4.242 etxebizitza.
- 2022: Busturialdea, Durangaldea, Nerbioi-Ibaizabal, Lea Artibai, Txorierri, Meatzaldea eta Bilbo Handiko 45 udalerritako 3.948 etxebizitza.
Sarea osatzen denean, zuntz optikoaren eremu zurietan sakabanatuta dauden atari guztiei abiadura handiko Internet eskainiko zaie honako baldintza hauetan: gutxienez 300 megako konexio simetrikoa izango dute, datuak mugarik barik transferitu ahal izateko; baldintza ekonomikoak dentsitate handiko eremuetan egiten diren merkatu eskaintzen antzekoak izango dira; alta eskaerei gehienez ere hamar egunetan erantzun beahrko zaie; eta, zerbitzua eteta dakarten gorabeheren %95, gutxienez, 24 ordu baino gutxiagotan konpondu beharko da.
Bizkaiko Foru Aldundiaren jarduera hau Herri txiki, aukera handi proiektuaren barruan sartzen da. Izan ere, Bizkaiko lurralde historiko osoan aukera-berdintasuna eta bizi-kalitatea bultzatzera bideratuta dagoen programa da hori. Rementeriak aldundiak azkenaldian garatutako “proiektu garrantzitsuenetakotzat” jo du, “Bizkaia hobea uzten dielako hurrengo belaunaldiei”. Bere berbetan, “gizarte hobea, konektatuagoa, trinkoagoa eta bizi-kalitateduna” lortzen da horrela. Era berean, azpimarratu du banda zabala zabaltzeko egin beharreko lanek ehun bat lanpostu mantentzea ahalbidetuko dutela.
Hirugarren fasea.
Bi faseak amaitutakoan, Rementeriak aurreratu duenez, zenbait gune “konexiorik gabe gera litezke”, estalduratik eduki ez arren estaldura-eremu gisa katalogatuta daudelako eta sarbidea 5G teknologiaren garapenaren mende dagoelako. Ahaldun Nagusiak iragarri du aldundiak udalekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera egingo duela lan estaldurarik gabeko itzalpeko eremu horiek detektatzeko eta Espainiako Gobernuari horiek eremu zuri izendatzeko beharra helarazteko.
Katalogazio horrekin aldundiak eremu horietan aldaketak egin ahal izango ditu eta, horretarako, beste bost milioi euroko partida gehigarria gorde du, “sakabanatutako azken etxebizitza horietara abiadura handiko konexioak eramateko lanak diruz laguntzeko”.