Bizi eredu alternatiboak aztergai, online ikastaroetan
22 herrialdetako 250 pertsonak eman dute izena matrikulazio epean, baina horietako 75 aukeratu behar izan dituzte.
Gernika Gogoratuz-ek, Euskal Herriko Unibertsitateagaz elkarlanean, Gatazkan dauden Lurraldeak proiektuaren nazioarteko online ikastaro berria jarri du martxan.
Gernika Gogoratuz elkarteko kideek jakinarazi duenez, nazioarteko 22 herrialdetako 250 pertsonak eman dute izena matrikulazio epean, baina horietako 75 aukeratu behar izan dituzte; ikastaroaren lekuak mugatuak direlako burutu behar izan dute hautaketa prozesua. Hala eta guztiz ere, deialdiaren erantzunagaz “oso pozik” daudela esan dute.
Bigarren urtez prestatu dute onlineko ikastaroa, eta lehenengoan egin legez, doakoa izango da.
Lanketa. Tokian tokiko gizarteek euren lurraldeari eta etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko gaitasuna dutela diote elkarteko kideek. Hala ere, ekintza transnazionalek eta horien zerbitzura dauden botere-harremanek prozesu hori zaildu egiten dutela uste dute: “Bizitza hobe bat izateko beharrezkoa den jabetze eta ahalduntze kolektiboarako prozesua zailtzen dute ekintza transnazionalek”.
Hori horrela, ikastaroak “ahalduntze kolektiborako” tresnak eskainiko dizkie parte hartzaileei: “Lurralde desberdinetan dauden proiektuen aurrerapausoak eta zailtasunak aztertzeko tresnak izango dituzte eskuragarri”. Azaldu dutenez, helburua ez da proposamen zehatzak eskaintzea, bizi alternatibak sortzeko lanean ari direnei laguntzea baizik.
Ikerketa teorikoetan eta Urdaibain, Kolonbian eta Mozambiken egindako ekintzetan oinarritutako esperientziatik abiatuta, unibertsitate desberdinetako eta gizarte erakundeetako irakaslek eta ekintzailek aldaketa prozesuak aztertuko dituzte ikastaroan. “Nagusi den sistemarekiko kritikoak diren elementu kontzeptualak aztertuko ditugu, eta ikuspegi alternatiboak eta proposamen sozialak nahiz politikoak azalduko ditugu, lurralde bakoitzera mugatuak direnak”, azaldu dute.
Horrez gain, tokian tokiko borroken errealitatea testuinguru orokor batean aztertzea bilatuko dute, baita topaketarako guneak sortzea eta nazioarteko sareak sendotzea ere. “Prestakuntzarako espazio birtual honen bidez, lurraldeak, pertsonak, kontakizunak eta alternatibak konektatu nahi ditugu”.