Bermeok, Gernika-Lumok eta Gautegiz Arteagak gune gorrian jarraitzen dute
Gaur arte zazpi udalerri zeuden gune gorrian, baina Elantxobe, Forua, Kortezubi eta Muxika gune gorritik atera dira. Busturialdean 62 positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan: 33 Bermeon, 26 Gernika-Lumon, eta bana Busturian, Ean eta Nabarnizen.
Gaur gaurkoz, Busturialdeko hiru udalerrik jarraitzen dute gune gorrian: Bermeok, Gautegiz Arteagak eta Gernika-Lumok. Hori horrela, hiru udalerrietan ostalaritzako establezimenduak itxita egongo dira gune gorritik atera arte.
Gaur arte, zazpi ziren Busturialdean itxita zeuden udalerriak, baina Elantxobe, Forua, Kortezubi eta Muxika gune gorritik atera dira. Azken zazpi egunetan positibo bi egon dira Foruan eta bana Elantxoben, Kortezubin eta Muxikan.
Osasun Sailak gaur argitaratutako txostenaren arabera, Busturialdean 62 positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan: 33 Bermeon, 26 Gernika-Lumon, eta bana Busturian, Ean eta Nabarnizen.
Gernika-Lumok 969,78ko intzidentzia-tasa dauka, eta Bermeok 928,44koa. Intzidentzia-tasa jaitsi egin da Gernika-Lumon, eta igo Bermeon; barikuko datuei erreparatuta, hurrenez hurren, 1219,66ko intzidentzia-tasa 845,65ekoa zuten. Izan ere, azken astean, 75 kasu zenbatu dituzte Gernika-Lumon eta 82 Bermeon.
Gune gorrian dauden eskualdeko 5.000 biztanle baino gutxiagoko herria da Gautegiz Arteaga, eta azken zazpi egunetan lau positibo zenbatu dituzte bertan; asteburuan, baina, ez da kasu berririk atzeman.
Datu orokorrak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuei dagokienez, atzo, 11.632 test diagnostiko egin zituzten, eta, horietatik, 952 positiboak izan ziren: 149 Araban, 474 Bizkaian, 317 Gipuzkoan eta 12 autonomia erkidegotik kanpo bizi diren pertsonak.
Ospitaleen egoera dela eta, COVIDaren ondorioz 53 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta COVIDa duten 160 pertsona zeuden ZIUn.
Mundakan, isun proposamenak. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, zapatuan Ertzaintzaren patruila batek hamar gazte aurkitu zituen Mundakako Ermunduru kaleko lonja baten kanpoaldean, ordutegi horretan ezarritako murrizketak urratzen. Hala, agenteek hamar isun proposamen bete zituztela gaineratu dute.