Euskaltzaindiak azken bi urteetan hildako bost euskaltzain omendu ditu, tartean Joan Mari Torrealdai
Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzaina arduradu da Joan Mari Torrealdai euskaltzain emerituaren ibilbidea gogoratzeaz.
Euskaltzaindiak gaur egin duen batzarra baliatu du azken bi urteetan hildako bost euskaltzainei gorazarre egiteko. Horrela, iaz zendutako Jean-Baptiste Etxarren, Angel Ibisate, Pierre Andiazabal eta Joan Mari Torrealdai foruarra omendu ditu Akademiak Donostiako Tabakaleran; baita 2019ko abenduan zendu zen Juan Antonio Letamendia ere.
Andres Urrutia euskaltzainburuak zendutako euskaltzainek euskara eta euskal kulturarekiko erakutsi zuten “konpromiso irmoa” azpimarratu du, eta goraipatu du euskara eta euskal kultura sustatzeko guztiek egin zuten “ahalegin izugarria”.
Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzaina arduradu da Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942 – Usurbil 2020) euskaltzain emerituaren ibilbidea gogoratzeaz. Gauza guztien gainetik, Torrealdai “euskal kulturaren gidaria eta behatzailea” izan dela esan du. Era berean, kazetaria, idazlea, irakaslea, ikertzailea, kultur sustatzailea… Zenbait aldizkariren zuzendari (Gure Izarra, Anaitasuna, Jakin) eta kudeatzaile (Euskaldunon Egunkaria, Jakin) izan zela gogoratu du. “Produkzio izugarria utzi zuen, langile aparta zenez: Liburuak eta artikuluak zabal eta ugari: 24 liburu, 47 lankidetza, 517 artikulu, hiru itzulpen-lan, bi edizio-lan… 13.614 orrialde denetara”.
Torrealdaik Euskaltzaindian egin zuen lana ere ez du ahaztu Agirrebaltzategik. Argitalpen-batzordeko kide eta Azkue liburutegiko bibliotekari akademiko ere izan zela gogoratu du. Bestalde, Euskaltzaindiaren historia ere idatzi zuela aipatu du, Imanol Muruarekin batera.