Berbalagunek 'Argazkiak eta tertulia' jarduera atzeratzea erabaki du
Etzirako antolatuta zegoen jarduera martxoaren 12an egingo dute, 17:00etatik 19:00etara, Euskal Gunean.
Bermeoko Berbalagun egitasmoak Argazkiak eta tertulia jarduera zeukan antolatuta etzirako (otsailak 29), hala ere, egoera ikusita atzeratzea erabaki dute.
Data berria ere jarrita daukate, martxoaren 12a (barikua) aukeratu dute, eta leku eta ordu berean batuko direla jakitera eman dute: 17:00etatik 19:00etara, Euskal Gunean.
Berbalaguneko dinamizatzaile Marimar Hernandezek esan duenez bi arrazoirengatik erabaki dute atzeratzea: “Alde batetik, ezin dugulako modu presentzialean egin Euskal Gunean ezta kalean ere; eta bestetik, izena emanda zeukaten berbalagunek gurago dutelako atzeratu sarean egitea baino”.
Argazkiak eta tertulia jarduerarako argazki bilduma bat daukate prestatuta. Herriko argazkiak ikusiko dituzte, zaharrak eta berriak, eta gero, tertulian egoteko aukera edukiko dute. Parte hartu gura dutenek, ezinbestekoa izango dute aldez aurretik izena ematea 607 60 95 80 telefono zenbakira deituta edota bermeoberba@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatzita.
Gogorarazi duenez, hurrengo ekintza neguko lehiaketa izango da, otsailaren 8tik 19ra, hain zuzen ere.