Bioingeniaritzan hasteko tailerra eta landaketa jardunaldiak egingo dituzte Undabason
Eguenerako eta zapaturako hitzordua jarri du Lurgaia Fundazioak. Ezinbestekoa da aurretiaz izena emantea euren webgunean.
Lurgaia Fundazioa martxan dago, eta eguenerako eta zapaturako proposamenak dakartza. Hain zuzen, bioingeniaritza babesteko tailerra eta zuhaitzen landaketa jardunaldiak egingo dituzte Undabason.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, Lurgaia Fundazioak Undabason dituen lurretan zuhaitz eta zuhaixkak landatzeaz aparte, bioingeniaritzan edo paisaiaren ingenieritzan hasteko tailerra eskainiko dute. “;endi-mazelak egonkortzeko teknika bat da erakutsiko duguna, baso-ustiapen jarraituak, pisten ugaritzeak eta higadurak eraldatutako errekak lehengoratzeko balio duena”. Lehengoratze hori landareak erabiliz egingo dute.
Bi egunetan, 09:00etan Ibarruriko Andra Mari ermitako aparkalekuan hitzordua jarri, eta bazkaltzeko amaituko dutela esan dute. Landaketetan parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute info@lurgaia.org helbide elektronikora mezua bidalita. Bertan, parte hartzaileen izen-abizenak, adina, udalerria eta mugikor zenbakia zehaztu beharko dituzte, baita zein egunetan joan gura duten ere. Adierazi dutenez, pandemia egoerak irauten duen bitartean 16 urtetik gorakoek bakarrik parte hartu dezakete.
“Mesedez” eskatu dute, izena emanez gero ez faltatzeko edota aldez aurretik abisatzeko. “Zure udalerria eremu gorrian badago, koronabirusaren sintomak edota gertuko kasuak izanez gero, mesedez, ez etorri”, azaldu dute.
Beharrezko materiala. Antolatzaileek zehaztu dutenez, maskara eramatea derrigorrezkoa izango da, eta ura eta janaria eramatea gomendatu dute, “goiz erdian pikatzeko”.
Eskularruak eta tresnak eramateaz Lurgaia fundazioa arduratuko da, baina parte hartzaileei arropa eta oinetako erosoak eramateko eskatu diete, eguraldiaren araberakoak.