Kortezubi gune gorrira igaro da, eta herriko ostalariek establezimenduak itxi beharko dituzte
Bihartik aurrera zazpi izango dira Busturialdean ostalaritza itxita edukiko duten herriak: Ajangiz, Bermeo, Forua, Kortezubi, Muxika, Mundaka eta Gernika-Lumo. Murueta, berriz, gune gorritik atera da.
Gero eta gehiago dira 100.000 biztanleko 14 eguneko 500eko tasa metatua gainditzen ari diren herriak. Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi duenez, Kortezubi ere gune gorrira igaro da, eta herriko ostalariek euren establezimenduak itxi beharko dituzte bihartik aurrera. Murueta, berriz, gune gorritik atera da, intzidentzia tasa metatuak behera egin duelako. Hori horrela, zazpi izango dira Busturialdean ostalaritza itxita edukiko duten herriak: Ajangiz, Bermeo, Forua, Kortezubi, Muxika, Mundaka eta Gernika-Lumo.
Gaur emandako datuen arabera, asteburuan 88 kasu positibo berri atzeman dituzte Busturialdean. 31 zenbatu zituzten barikuan, 34 zapatuan eta 23 domekan. Positibo gehienak Gernika-Lumon erregistratu dituzte, 39 kasu hain zuzen. 33 positibo zenbatu dituzte Bermeon, 3 Foruan, bina Elantxobe, Kortezubi eta Mundakan, eta bana Anjagizen, Arratzun, Busturian, Ereñon, Gautegiz Arteagan, Ibarrangelun eta Muxikan.
100.000 biztanleko 14 eguneko 500eko tasa metatuak gorantz egiten jarraitzen du Gernika-Lumon, eta 1082,82ko tasa du udalerriak. Bermeon, ostera, jaitsi egin da intzidentzia, eta 822,00koa da.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokienez, 826 kasu positibo baieztatu ziren atzo: 426 positibo egon ziren Bizkaian, 243 Gipuzkoan eta 1516 Araban. EAEtik kanpo bizi diren 6 pertsonek eman dute positibo. Jakitera eman dutenez, atzo 9.483 test diagnostiko egin zituzten. 122 pertsona dira gaitza dela-eta ZIUn daudenak.