Arrizabalaga eta Agirre, Bizkaia Torneoaren finalean
Hirugarren jardunaldian galdu arren, finalera sartu dira Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirre. Gutxienez 13 tanto behar zituzten finalerako txartela lortzeko, eta horiek lortu dituzte.
Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre eta Leire Garai-Maite Ruiz de Larramendi bikoteek lehiatuko dute Bizkaia Torneoaren finala, domeka honetan, 12:00etatik aurrera. ETB 1ean zuzenean eskainiko dute.
Torneoaren hirugarren eta azken jardunaldian, Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Naroa Agirrek Iera Agirreren eta Arrate Bergararen kontra 13-22 galdu zuten barikuan.
Gutxienez 13 tanto behar zituzten finalean sartzeko, eta horiek egin zituzten. Berdinketa hirukoitza egon zen: “Hiru bikote geunden partidu bat irabazita eta partidu bat galduta, eta besteek baino tanto gehiago egin ditugulako sailkatu gara”, azaldu du aurrelari gernikarrak.
Haren esanetan, bariku arratsaldekoa “partidu arraroa” izan zen, eta ez zuten gozatu. 13 tanto lortzearen presio horregaz joan zirela aitortu du, eta “nahikoa txarto” hasi zirela: “Partidu hasieran horretan oso urrun ikusten genuen 13 zenbaki hori. Presioak gainditu gintuen, batez ere neuri, baina baita Naroari ere. Askotan gertatzen zait presioa sartzen didatenean ez dut gozatzen, eta gozatzen ez dudanean ez dut eroso jokatzen, eta ez dut nire jokoa erakusten. Hori pasatu zitzaidan barikuan. Gainera, eskumako eskua ez neukan guztiz ondo, eta horrek ere beldurra ematen dizu”.
Pilota aukeraketa. Finalerako material aukeraketa egingo dute gaur, 18:00etatik aurrera. Arrizabalagak esan duenez, eurek pilota biziak aukeratuko dituzte, ahalik eta berrienak. “Gure indarra aprobetxatzeko, eta gu egoteko beti erasoan, eta ez eurak”.
Finala “oso-oso gogorra” izango dela nabarmendu du Arrizabalagak: “%100 baino gehiago eman beharko dugu. Momentu honetan dagoen atzelaririk onenaren, Maite Ruiz de Larramendiren kontra jokatuko dugu. Berarentzat frontoi oso egokia da; frontoi nahikoa sikua da. Frontoi honetan pilota nahikoa astiro dabil, eta horrek berari bere jokoa egiten uzten dio. Garaik eta Ruiz de Larramendik pilota oso ondo mugitzen dute, eta bikote moduan zulo gutxi dauzkate. Gu zulo horiek topatzen saiatu beharko gara”.