Lointek Gernika Bizkaia Eurokoparen final-zortzirenetara sailkatu da
Eurokoparen taldekako fasean F multzoko bigarrena geratu da talde gernikarra, eta hurrengo fasean Sepsi talde errumaniarraren kontra jokatuko du (martxoan). Taldekako fasearen hirugarren eta azken jardunaldian, puntu bakarragatik galdu du Teneriferen kontra.
Argazkia: Eurocup Women EuroCup Women txapelketarako ezarritako helburua bete du Lointek Gernika Bizkaiak. Eurokoparen final-zortzirenetan egongo da aurten ere.”Multzo parekatua izan da, eta fisikoki asko eskatzen zuena. Kanporaketa pasatzeko helburu bakar horregaz etorri gara, lortu dugu, eta denok pozik eta harro egon behar dugu”, adierazi du Mario Lopez entrenazaile gernikarrak. Hurrengo kanporaketan, ACS Sepsi-SIC talde errumaniarraren kontra jokatuko du. Taldekako fasean, Sepsi G multzoko lehenengoa geratu da.
Taldekako fasearen hiru partiduetatik bi irabazita, F multzoan bigarren sailkatu da. Flammes Carolo geratu da multzo buru, eta hortaz talde frantziarrak eta gernikarrak lortu dute hurrengo faserako txartela. Lointekekoek meritu osoz lortu dute txapelketan aurrera egitea, oro har, maila gorena eman dute aste honetako hiru partiduetan.
Hain zuzen, multzoko lehenengoa izateko aukera eduki zuen atzo Fontetan, Teneriferi irabaziz gero multzo buru geratuko baitzen. Markagailuan aurretik egon zen partiduaren minutu gehienetan, baina, 60-61 galdu zuen Emakumezkoen Ligan aurkari zuzena duen taldearen kontra.
Entrenatzaile gernikarrak esan bezala, eurentzat partidu oso gogorra izan zen: “Pilak apur bat baxu eduki ditugu. Taldea ondo sartu da partiduan, baina momentu batean ere ez du lortu partidua haustea”. Jariokortasuna eta jarraitasuna falta izan zitzaion taldeari. Lopezek azpimarratu du porrotak “ez diola meriturik kentzen” taldeak aste honetako hiru partiduetan “egindako lan itzelari”.

Argazkia: Eurocup Women
Distirarik gabeko partidua izan zen atzoko, erritmorik gabekoa eta portzentaia baxuekin. Bezperako esfortsuak eragin zuzena eduki zuen Malosteko taldearengan, Caroloren kontrako partidua, batez ere defentsan oso fisikoa eta esfortsu handikoa izan baitzen. Nekea igarri zen jokalariengan. Presioak eta urduritasunak ere eragin zien, batez ere, Valentziari, gutxienez hamahiru puntugatik irabazi beharra baitzeukan sailkapena lortzeko.
Lehen zatian lortu zuen errentarik handiena Lointekek (11 puntu). Paula Ginzo kantabriarrak aurpegian kolpea jaso eta kantxa utzi zuen, eta orduan, erritmoa geratu zuten taldekieek. Aurkariak ondo aprobetxatzen jakin zuten. Hala ere, 17-10 amaitu zuten lehen laurdena. Gero, Tenerifeko Taylor geldiaraztea eta Teneriferen zonakako defentsa gainditzea izan ziren helburuak. Gernika-Lumoko taldean aritutako Gaby Ocetek ondo gidatu zuen bere taldea, eta kantxan emandako minutuetan igarri zen.
Atsedenaldira puntu bakarreko aldeagaz (28-27) joan ziren. Bigarren zatian jaurtiketa libreak giltzarriak izan ziren bi taldeentzat. Berdinketak hausteko erabakigarriak izan ziren. Tenerifek bere joko erabat bertikalagaz eta erasokorragaz segitu zuen. Nogaye Lok bere taldeak behar zuen aurrerapausoa eman zuen, handi egin zen kantxan. Orokorrean, beste behin bere nortasunaren ezaugarri nagusietakoa den talde lan nekaezinagaz eutsi zion lehiari Gernikak. Bigarren zatiaren azken minutuetan eman eta hartu, hartu eta eman aritu ziren. 43-44ko markagailuagaz sartu ziren azken laurdenera. Lehia oso estua egon zen azken segundura arte. Defentsan presio asko egin zuten bi taldeek.
Martxoan Eurokopa eta Erregina Kopa. Eurokoparen final-zortzirenetako kanporaketa martxoaren 16an lehiatuko dute, ACS Sepsi-SIC talde errumaniarraren kontra. Hortaz, hilabete horretan bi hitzordu garrantzitsu ditu talde gernikarrak. Izan ere, aste honetan taldekako fasea jokatu duten Valentziako Font de Sant Lluis pabilioiak hartuko du Erregina Kopa, martxoaren 4tik 7ra.

Laura Cornelius baloiagaz, bart. Argazkia: Eurocup Women.