Astelehenean Iparragirre kalea itxiko dute ibilgailuentzat
Iparragirre kaleko zoladura hobetzen jarraituko du Gernika-Lumoko Udalak. 08:00etatik 18:00etara bitartean ibilgailuen joan-etorria itxiko da
Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi duenez, Iparragirre kaleko zoladura hobetzeko planagaz jarraitzen du.
Herriko sarbidetik Gurutze Gorrirainoko tartea asfaltatu eta gero, astelehenean bigarren faseko lanekin hasiko dira. Hau da, Gurutze Gorritik Miguel de Unamuno kalerainoko tartean zoladura berria jarriko dute.
Hori horrela, ibilgailuen joan-etorria itxiko da Iparragirre kalean, eta Goikoibarrako industrialdetik desbideratuko dituzte ibilgailuak 08:00etatik 18:00etara bitartean.
Astelehenean, gainera, Aita Luis Villasante kalean ere asfaltatze lanak egiten hasiko dira, Gernikako Ospitale aurrean hasita. Dagoenerako, Kortezubi eta Enrique Amutio kaleetan amaitu dituzte lanak.