Bitartekari lanpostua betetzeko deialdia egin du Astrak
Eskabideak egiteko azken eguna da urtarrilaren 28a. Izena emateko info@astragernika.net helbide elektronikora kurrikuluma bidali beharko da.
Astran bitartekari lanak beteko dituen pertsona baten bila dabiltza. Deialdi horretara aurkezten diren hautagaiek aukeraketa prozesu bat pasatu beharko dute. Aukeraketan, gainera, noizbait Astran parte hartu duen edonork parte har dezakeela jakinarazi dute.
Lanpostuaren deialdian parte hartzeko baldintzak ere zehaztu ditu Astrako koordinadorak. Kulturarako fabrika sozialaren proiektua eta Gernika-Lumoko elkarte eta gizarte zein kultura mugimenduaren errealitatea ondo ezagutzea eskatzen dute, baita Astra proiektuaren filosofia barneratua izatea ere. Halaber, ezarritako baldintzen artean daude Gernikaldean bizitzea, langabezian egotea, euskaraz jakitea eta bertoko euskara ulertzeko gai izatea eta euskaraz modu egokian idazteko gaitasuna edukitzea. Barra kudeaketan esperientzia izatea ere baloratuko dute.
Astrak lanaldi erdiko kontratua –astean bost egun eta egunean lau ordu– eskaintzen du. Soldata gordina izango da, hilean 800 eurokoa gizarte segurantzarekin. Gainera, soldataren parte bat derrigorrezko beharrizanak asetzeko baliabideetan jaso daiteke, dirutan jaso ordez.
Halaber, lan talde dinamiko batean sartzea eskaintzen du: “Proiektu eta pertsona interesgarriak ezagutu eta eurekin elkarlanean aritzeko aukera”. Baita Astra proiektuari bultzada emateko eta esperientzia aberasgarriak izateko aukera ere.
Urtarrilaren 28a baino lehen. Eskabideak egiteko azken eguna da urtarrilaren 28a. Izena emateko info@astragernika.net helbide elektronikora kurrikuluma bidali beharko da. Bertan, izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu beharko dira.