Herriko plaza berritzeko parte hartze prozesua zabaldu du Gautegiz Arteagako Udalak
Udalak herritarren iritzi eta ideiak ezagutu gura ditu, eta horretarako kontsulta epea zabaldu du. Herritarrek urtarrilaren 29ra arte egin ahalko dituzte ekarpenak.
Gautegiz Arteagako Udalak herri kontsulta epea zabaldu du herriko plaza berritzeko. Izan ere, herriko plaza egungo beharretara egokitzea da agintaldi honetarako udalak zehaztu duen proiektu nagusietako bat. Proiektua 2021ean abian jartzea aurreikusi dute.
Proiektu garrantzitsu horretarako, udalak herritarren iritzi eta ideiak ezagutu gura ditu, eta horretarako kontsulta epea zabaldu du. Urtarrilaren 29ra arte izango dute euren ideiak, ekarpenak eta planteamenduak plazaratzeko aukera bizilagunek.
Iradokizunak aurkeztu gura dituzten pertsona guztiek idatzi baten bidez edota zirriborro eta marrazkien bidez ere egin ahalko dituzte ekarpenak. Horiek udaletxean edota kultur etxean aurkeztu beharko dituzte; 09:00etatik 14:00etara udaletxean eta 16:00etatik 20:00etara bitartean kultur etxean utzi ahalko dira iradokizunak. Helbide elketronikoz ere ekarpenak egiteko aukera egongo da hurrengo helbide elektronikora idatzita: udala.gautegiz@bizkaia.org.
“Pertsona bakoitzak bere bizi ereduagaz zerikusia duten premia batzuk izango ditu, eta gure helburua da, ahal den neurrian behintzat, premia horiek guztiak ahalik eta ondoen batzea. Gainera, inork ez du gure bizilagunek baino hobeto ezagutzen herriko plaza. Horregatik, ziur gaude berritzeko ideia asko emango dituztela”, azaldu du Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak.
Plaza erakargarria. Herriko plaza, herriaren erdigunea izateaz gain, herritarrentzat gune esanguratsua da, eta “erakargarria eta erosoa” izatea da udal arduradunen asmoa: “Horregatik abiatuko dugu parte hartze prozesua”. Herritarrentzako topagune garrantzitsua izateaz ganera, udaletxea, frontoia, kultur etxea eta herriko tabernak ere batzen ditu plazak.
Topagune hori berritzea proiektu garrantzitsua denez, udalak 2021eko aurrekontuetan 18.000 euroko diru sail bat esleitu du gunea diseinatzeko.