Arrizabalagak eta Agirrek Bizkaia Torneoaren 1. jardunaldia irabazi dute
22-13 irabazi diete Ruiz de Infante eta Ruiz de Larramendiri. Olatz Arrizabalaga gernikarraren ustez, partidu "nahikoa borobila" egin dute.
III. Bizkaia Torneoa garaipenagaz hasi du Olatz Arrizabalaga gernikarrak. Naroa Agirregaz bikotea osatuta lehiatuko du txapelketa, eta 1. jardunaldian, 22-13 irabazi diete Ainhoa Ruiz de Infanteri eta Olatz Ruiz de Larramendiri.
Arrizabalagaren berbetan, hasieratik eurek aurkariek baino hobeto irakurri zuten partidua: “Partidu nahikoa borobila egin genuela uste dut. Naroak kristoren partidua egin zuen; partidu guztian huts bakarra egin zuen. Horrelako atzelari bategaz jokatzea gozamena da”.
Gernikarrak eta zestoarrak aurrean min handia egin zieten. Ruiz de Larramendi eta Ruiz de Infante elkar ulertu ezinik edota bat egin ezinik aritu ziren: “Agian, ez ziren ondo ulertu bikote moduan. Halako txapelketetan pasatzen da hori; inoiz alkarregaz jokatu ez baduzue, ez da jakiten bakoitza non jokatu edo ez dakizu nola jokatzen duen besteak bikote moduan. Uste dut eurek ez zirela ulertu, ez zirela ondo konpondu. Nik huts batzuk egin nituen, partidu erditik aurrera eskumako eskua apur bat minduta eduki nuen. Partidua askoz hobeto irakurri genuela izan zen gakoa. Bagenekien zein zen gure estrategia: ezkerra topatu eta txokora botatzea”.
Bestalde, 1. jardunaldiaren beste partiduan, Maite Ruiz de Larramendik eta Leire Garaik 22-19 irabazi zieten Amaia Aldairi eta Oihana Orbegozori.
Aste honetan lehiatuko dute 2. jardunaldia. Miren Larrarte – Gentzane Aldai eta Leire Garai- Maite Ruiz de Larramendi bikoteen artekoa izango da bariku honetako partidu bat, eta Iera Agirre-Arrate Bergara eta Ainhoa Ruiz de Infante-Olatz Ruiz de Larramendiren artekoa bestea.
Arrizabalagak bi aste ditu eskumako eskua osatzeko eta hurrengo partidua prestatzeko. Izan ere, 3. jardunaldian [urtarrilaren 22] lehiatuko dute beste partidua, Iera Agirreren eta Arrate Bergararen kontra. “Ondo etorriko zaizkigu bi aste hauek, batez ere niri, eskuak ikututa ditut eta. Hamabost egunetan eskuak osatzeko astia daukat”, azaldu du pilotari gernikarrak.
Jardunaldi horretan Amaia Aldaik eta Oihana Orbegozok Miren Larrarteren eta Gentzane Aldairen kontra jokatuko dute.
Arrizabalagak dio partidu hori finalaurreko moduan hartzen dutela: “Hanka erdia hirugarren partidu horretan daukagu; edo finalean edo hirugarren eta laugarren postuak jokatzeko partidu horretan. Derrigorrez irabaztera joan beharko da, eta orduan, finalerdi moduan hartuko dugu. Topera irten beharko gara, partidu gogorra izango da eta”. Agirre eta Bergara aurkari gogorrak direla zehaztu du, indar gutxiago badaukate ere, huts egite gutxiago egiten dituztelako. Horiei irabazteko %100ean jokatu, eta 1. jardunaldian modura, partidua ondo irakurrita joan beharko dutela esan du: “Partidua ondo ikasita joan, eta ahalik eta huts egite gutxien egin beharko ditugu, eurek normalean, ez dute huts egiten eta”.