Nazioarteko Gabonetako Sarian parte hartu dute Kosnoagako igerilariek
Gernika-Lumoko hamabi igerilarik lehiatu dute txapelketa. Hemeretzi probatan parte hartu, eta horietatik seitan finalera sailkatu dira.
Igeriketako Nazioarteko Gabonetako Sariaren 38. edizioan, olinpiadetako dominadun eta nazioarteko 300 igerilarien artean izan dira Gernika-Lumoko Kosnoaga Igeriketa Taldeko kideak.
Abenduaren 29an Donostian lehiatu zuten txapelketa, eta eskualdeko taldetik hamabi igerilarik parte hartu zuten. Hain zuzen ere, txapelketan parte hartzeko gutxieneko denborak zortzi neskak eta lau mutilek lortu zituzten, eta hogei probetatik hemeretzitan ari ziren Kosnoagakoak. Horietako seitan finalera sailkatu ziren. Zehatz esateko, emakumezkoen eta gizonezkoen 50m-ko bizkar, emakumezkoen 100m-ko bizkar, gizonezkoen 50m-ko tximeleta eta emakumezko 50m-ko bularreko eta 100 m probetako finalak jokatu zituzten.
“Gernikako Kosnoagako igeriketa talde txikiarentzako emaitza bikainak dira, kontuan hartu behar da sari honetan parte hartu duten igerilarien artean Euskal Herriko igerilaririk onenak egoteaz gain, estatu mailako, zein Frantzia, Uruguay, Zipre edota Kanadako promesak izan zirela”, azpimarratu dute taldearen arduradunek.
2020a urte gorabeheratsua izan bada ere, esperantzaz agurtu dute, eta urte honetarako ere ilusioz eta esperantzaz beteta daudela adierazi dute: “Guztion eguneroko bizitza aldatu den urtean, Kosnoagako igerilariek euren entrenamenduak utzi behar izan zituzten martxoan. Uztailaren bukaeran itzuli ziren protokolo zorrotzak jarraituta eta ordutegi murriztuetan, baina eguneroko lanak bere fruituak eman ditu gaurko egunean, eta igerilariek pozik eta esperantzaz beteta bukatu dute 2020 urte berezi hau. 2021 urteak entrenamendu eta txapelketa berriak ekarriko ditu igerilari federatu hauentzako, eta espero dugu eskola-mailakoentzat ere horrela izatea, katea ez daiten eten”.