Herrietatik bidea izateko pausoak
Izan Bidea ekimenaren baitan, herrietan pausoak emanez, Espainiako eta Frantziako gobernuei ere pausoak emateko eskatuko diete herritarrek, bihar
Urtarrilaren 9an, berriz ere, Espainiako eta Frantziako gobernuei mugitzeko eskatuko diete herritarrek, kalean. Herrietan mobilizatzeko deia egin du Sarek, eta Busturialdean ere presoen eskubideen aldeko pausoak emango dituzte. “Egiten ari diren urrats herabeak azkarrago egin daitezela esateko eta egoera honekin amaitu behar dela aldarrikatzeko”. Egoera konpontzearen premiatasunari garrantzia emateko bi arrazoi aipatu ditu Sarek: “legeak baimentzen duelako eta gizatasun hutsagatik”.
Hasi berri den urte hau konponbidearen urtea izan behar dela dio Sarek. 2021erako hiru helburu zehaztu ditu: preso guztiak Euskal Herrira ekartzea eta erbesteratuen itzulera; graduen progresioa preso guztientzat eta gaixotasun larriak dituzten preso guztiak aske uztea.
Egin beharreko bidea oraindik ere luzea delako, jendera kalera ateratzea oso garrantzitsua dela esan du Sarek. Hala, Busturialdean hainbat herritan egin dute bihar kalera ateratzeko deia:
Arratzu: Bi zutabe aterako dira, 17:00etan, Elexaldetik eta Belendizetik. Loiolan elkartuko dira.
Busturia: A Lama espetxera martxa sinbolikoa irudikatuko dute, 17:00etan San Kristobalen eta 17:30ean helduko dira Altamirara. Bertan, espetxe ‘sinbolikoa’ izango dute muntatuta: ziegarekin, patioarekin… Ekitaldia egingo dute bertan.
Ea: Plazan hasita, manifestazioa 17:30ean.
Gernika-Lumo: 17.30ean, giza-katea herriko bi lekutatik hasita: Ospitale aurretik eta San Kristobal plazatik. Ostean, zutabe biak Foru plazan batuko dira.
Forua: 12:00etan kotxe karabana egingom dute, eta 17:30ean giza-katea egingo dute.
Ibarrangelu: 17:30ean giza-katea, udaletxe aurretik.
Muxika: 17:00etan, Zubieta-Errotan. Ostean, kalejira Kurtzero eta Alai-Begiratik zehar.
Nabarniz: 17:00etan, Artetxuko autobus geltokian. Manifestazioa egingo dute.