Gaztelugatxeko sarbidea itxi dute, lur jausi baten ondorioz
Aldundiak jakinarazi duenez, lur jausiak sarbidearen 20 metro inguru eremua estali du, eta inguru horretan beste lur jausi bat gerta daitekeela aurreikusi dute teknikariek.
Gaztelugatxeko sarbidea itxita dago. Bizkaiko Foru Aldundiak ermitarako sarbidea itxi zuen atzo, Urizarretako eta Ermuko sarbideen bidegurutzean lur jausi handi bat izan zelako.
Ingurumen zuzendaritzako teknikariak han egon ziren atzo, lur jausiaren lehen balorazioa egiten. Zehaztu dutenez, ermitarako bidean 20 metro inguruko eremua estali du lur jausiak: “Mendi hegaletik behera joan da itsasora iritsi arte”. Lehen azterketa horretan, teknikariek arrail sakon bat ikusi dute hegalaren goialdean, erorketa hasi den tokian. Arrailak 50 metro inguru ditu, eta, hori dela eta, teknikariek aurreikusi dute lur-mugimendu berriak gerta daitezkela.
Eguraldiak txarrera egingo duenez, eta arriskuak saihesteko, sarbidea moztea erabaki du aldundiak. “Sarbidea moztea erabaki da, hegalaren egoeraren azterketa zehatza egin ahal izan arte, eta eremuko segurtasuna bermatzeko eta bidean eroritako lurra kentzeko beharrezkoak diren jarduerak zehaztu arte”, azaldu dute.
Sarbideak itxita mantenduko dira, mugarik gabe. Lurra egonkortzean zabalduko dute bidea, “pertsonen joan etorriak seguruak izateko”.